Eusko Jaurlaritzak berriz argitaratu du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei zuzendutako baliabide eta zerbitzu guztiak biltzen dituen gidaliburua

0
  • Agiriaren 136.000 kopia inprimatu dira eta, besteak beste, polizia-etxeetan, biktimei arreta emateko zerbitzuen bulegoetan, osasun-zentroetan edo gizarte-zerbitzuetako zentroetan banatu dira
  • Gidaliburuak bi bertsio ditu, bat hizkera argian idatzia eta bestea irakurketa errazekoa, eta sei hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, frantsesez, errumanieraz eta portugesez.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, inplikatuta dauden gainerako sailekin eta erakundeekin elkarlanean, berriz argitaratu du Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean? izenburua daraman eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako baliabideak eta zerbitzuak biltzen dituen gidaliburua.

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta emateko euskal administrazioek dituzten baliabideak eta zerbitzuak modu sinplean eta ordenatuan laburbiltzen ditu gidaliburu horrek. Gidaliburuaren hainbat bertsio egin dira, eta sei hizkuntzatara itzuli da eta hiru ale prestatu dira (bakoitza bi hizkuntzatan): euskara-gaztelania, arabiera-frantsesa eta errumaniera-portugesa. Gainera, bi bertsiotan idatzi da: bat hizkera argian eta bestea irakurketa errazekoa, irakurritakoa ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat.

Gidaliburuaren bertsioen 136.000 ale inprimatu dira guztira*, eta emakume biktimen kolektiboak eskuratu ditzakeen lekuetan banatuko dira. Inprimatutako kopiak jada bidali dituzte, beraz, honako leku hauetara: Biktimari Laguntzeko Zerbitzuen lau bulegoetara; Ertzaintzara; Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Irungo, Barakaldoko eta Getxoko udaltzaingoetara; udalen oinarrizko gizarte-zerbitzuen eta foru-aldundien gizarte-zerbitzuen egoitzetara; udaletako eta foru-aldundietako berdintasuneko ataletara; Lanbideren bulegoetara; osasun-zentro eta ospitaleetara; emakumeen elkarteen eta indarkeria matxistaren eta prostituzioaren aurkako elkarteetara; migratzaileen eta etorkinei laguntzeko elkarteetara; Emakundera; Arartekora; SATEVIra; Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetara; eta, aurten, berritasun gisa, Euskadiko farmazietara, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluarekin berriki lortutako akordioari esker.

Bertsio digitalak esteka honetan aurkitu daitezke: https://www.euskadi.eus/informacion/servicio-a-mujeres-victimas-de-la-violencia-de-genero/web01-a2gizar/es/

“Argitalpen honen helburua da, alde batetik, emakumeek jasaten duten edozein indarkeria matxista identifikatu eta horri aurre egin ahal izatea, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek eskaintzen dizkieten baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea, bai eta horiek eskuratzeko moduari buruzkoa ere”, azaldu du Marian Olabarrietak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako jarduneko zuzendariak.

Euskal farmazientzako kartelak

Duela bi hilabete aurkeztu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluarekin egindako akordioaren ondorioz, EAEko farmaziek gidaliburuekin batera, SATEVIren, etxeko indarkeriaren edo sexuagatiko indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatuaren, 900 840 111 telefono-zenbakia identifikatuko duten kartelak ere banatuko dira. Biktimek deiaren arrastorik uzten ez duen arreta espezializatua aurkitzen dute SATEVIn. SATEVIren telefonoa doakoa da, eta ez da telefonoaren fakturan agertzen.

Kartel klasikoaz gainera, kartel espezifiko bat ere diseinatu da, eta telefonoa tira ebakigarrietan agertzen da, hobeto zabaltzeko. 1.000 kartel generiko eta 1.000 kartel ebakigarri banatu dira.

* Paperean inprimatutako ale-kopuruari buruzko xehetasuna: 136.000 ale (120.000/16.000)

Hizkera argia, euskaraz eta gaztelaniaz                                80. 000 ale

Hizkera argia, frantsesez eta arabieraz                                 30. 000 ale

Hizkera argia, portugesez eta errumanieraz                         10. 000 ale

                                                                                                120.000

Irakurketa errazekoa, euskaraz eta gaztelaniaz                  10.000 ale

Irakurketa errazekoa, frantsesez eta arabieraz                     5.000 ale

Irakurketa errazekoa, portugesez eta errumanieraz            1. 000 ale

                                                                                                16.000