Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean sarrera nagusia itxiko da astelehenean Harrera Zerbitzua, PEAZ eta Informazio Unitatea modernizatzeko

0
  • Maiatzaren 6an (astelehena) hasiko dira obrak eta abian egongo dira udako hilabeteetan
  • Obrak egin bitartean eguneko ospitaleko sarrera gaituko da, ordezko sarrera gisa
  • Pazienteen eta senideen irisgarritasuna, arreta pertsonalizatua eta erosotasuna hobetuko dira lan horiei esker
  • Harrera Zerbitzua, PEAZ eta Informazio Unitatea beste kokapen batzuetara lekualdatuko dira behin-behinean, beheko solairuan

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean maiatzaren 6an hasiko dira sarrerako atondoa eta erantsitako eremuak —Harrera, Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua (PEAZ) eta Informazio Unitatea— eraberritzeko lanak, ospitalera doazen herritarrei arreta modernoa eta pertsonalizatua eskaintzeko asmoz.

Udako hilabeteetan ere abian izango dira obrak eta horiek egikaritu bitartean behin-behinean itxiko da osasun-zentrora sartzeko sarrera nagusia. Eguneko ospitaleko sarrera, taxi-geralekuaren aurrean dagoena, ospitale nagusira joateko ordezko sarrera nagusi gisa gaituko da. Alabaina, obren garapenak baimentzen duenean berrirekiko da sarrera nagusia (aurreikusitakoaren arabera, uztailean).

Obrak egin bitartean Harrera Zerbitzuak, PEAZek eta Informazio Unitateak ospitaleko beheko solairuko gune desberdinetan emango dute ohiko arreta.  Behin-behineko kokapen berriak jakinarazteko informazioa eta kartelak kokatuko dira ospitaleko sarreretan.

Eraberrituko den guneak 650 metro karratuko azalera du.  Eraikinaren barruan dagoen oso gune berezia da eta ezaugarri nagusia da bertan hasten dela eskailera helikoidala, denboran zehar gordetako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen ikur bihurtu baita.

PEAZ, Harrera Zerbitzua eta Informazio Unitatea hartuko dituzten gune berriak eta itxaron-guneak atseginagoak eta modernoagoak izango dira eta, horrez gain, beharrezkoa den pribatutasuna eskainiko dute. Ildo beretik, erabiliko diren materialen bidez, argi naturala baliatuz eta ingurune-zarata murriztuko duten konponbideekin lortuko da espazioak leunagoak izatea.

Diseinu horren bitartez, Osakidetzako eskaria kudeatzeko eredutik eratorritako beharrizan berrietara egokituko dira arreta-guneak, arreta emateko eredua hurbilagoa, osoa eta pertsonalizatua izan dadin.