Presoen seme-alabei laguntzeko Kuttunak programak bigarren urteurrena ospatuko du, dozena bat adingabeei laguntzen

0
Imagen de Freepik
PRUEBA
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Berrizturen bitartez, askatasunik gabeko pertsonen seme-alabei laguntza psikoterapeutikoa eta soziohezitzailea emateko programa aitzindaria garatu du
  • Esku-hartzearen helburuak alderdi problematikoak murriztea, gabeziak konpontzea eta baliabide pertsonalak eta sozialak sustatzea dira
  • 2023an, 18 adingabek hartu zuten parte Eusko Jaurlaritzaren programan, eta gaur egun 11 haur eta nerabek hartzen dute parte

Datorren maiatzaren 7an, Kuttunak programak bigarren urteurrena beteko du. Euskadin askatasunik gabe dauden pertsonen seme-alabei zuzendutako arreta espezializatuko programa da. Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena hartu zuenetik abian jarritako Euskal Espetxe Ereduaren jarduera-ildoen barruan kokatzen da ekimen aitzindaria. Programa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, eta Berriztu Hezkuntza Elkarteak kudeatzen du, 210.000 euroko dirulaguntzarekin.

Kuttunak 3 eta 18 urte bitarteko adingabeei laguntza psikoterapeutikoa eta soziohezitzailea eskaintzeko zerbitzua da. Adingabe horiek espetxean dauden familia-testuinguruetan bizi dira edo bizi izan dira. Esku-hartzearen helburuak argiak dira: egoeraren ondorioz sortu diren alderdi problematikoak gutxitzea; alderdi traumatiko horiek sortzen dituzten gabeziak eta hutsuneak konpontzea; eta egoerari aurre egiten lagunduko dioten garapenerako beharrezkoak diren baliabide pertsonal eta sozialak sustatzea. Horretaz hezitzaile bat arduratzen da, zerbitzuaren arduradun gisa jarduten duena, baita psikoterapeuta bat ere.

Kuttunak programaren lana hiru fasetan banatzen da: behaketa, interakzioa eta amaiera. Profesionalek haurraren edo nerabearen harremana aztertzen dute espetxeratu aurretik, espetxeratze-aldian, baita espetxeratzeaz duen ezagutza ere. Batzuetan, onuragarria da aita edo ama benetan non dagoen jakitea, eta, horretarako, garrantzitsua da zer, nor eta nola komunikatu behar den zaintzea.

Era berean, banakako zein taldeko programetan lan egiten da, presoarekin hainbat jardueratan elkarreraginez eta, are gehiago, ekintza solidarioetan parte hartuz.

Esku-hartzeak hainbat hilabete irauten du, eta ezin da urtea gainditu, nahiz eta batzuetan ondorengo kontaktua mantentzen den programaren agurra pixkanaka egin dadin. Kuttunak 10 pertsona artatzeko pentsatuta dago, baina programa parte-hartzaile gehiagorengana zabaldu da, familia-unitate bereko adingabeak direlako.

Aurreko ekitaldian 32 espediente bideratu ziren programara, eta, azkenean, 8 espedienterekin lan egin ahal izan zen, 18 adingabe bertaratuta: 10 neska eta 8 mutil, 11 eta 14 urte bitartekoak (% 50), 7 eta 10 urte artekoak (% 27,7), 3 eta 6 urte artekoak (% 11,11) eta 15 eta 18 urte artekoak (% 11,11). Askatasunaz gabetutako pertsona % 55,55 haur eta nerabe horien aita zen, eta %44,44eko kasuetan ama.

Gaur egun 11 adingabek parte hartzen dute programan, eta beste lau pertsona itxaron-zerrendan daude.

Berriztu Hezkuntza Elkarteak egindako programaren balorazioa oso positiboa da, eta familia-komunikazioaren hazkundea nabarmentzen da, espetxeko familia-bisitak barne. Esparru akademikoan ere bilakaera nabarmena izan da, eta haur eta nerabe batzuen ikasketa-plana aldatu egin da. Izan ere, haur eta nerabe horiekin ikastetxeak premia bereziak zituen, eta, azkenean, kalifikazio nabarmenak lortu dituzte, bikainak ez direnean.