Osasun Sailak eta Euskadiko farmaziek programa bat inplementatuko dute asma eta BGBK duten pertsonentzako atxikidura hobetzeko eta inhalagailuen erabilera egokia sustatzeko

0

MAIATZAK 7, ASMAREN MUNDU EGUNA

  • Sailak 120.000 eurorekin finantzatuko du urtero proiektu aitzindari hau, farmazialarien elkargoekin sinatutako hitzarmenaren esparruan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoek programa bat inplementatuko dute, asma eta BGBK duten pazienteek tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko eta inhalagailuen erabilera egokia sustatzeko farmazia-bulegoetatik. Hala jakinarazi du Osasun Sailak jakinarazpen batean, maiatzaren 7an den Asmaren Mundu Egunaren bezperan.

Osasun Sailak urtero 120.000 eurorekin finantzatuko du programa hau, farmazialarien elkargoekin sinatuko duen hitzarmenaren esparruan, aurki Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso ondoren.

Proiektu aitzindaria da, eta Osasun Sailaren bi esparru estrategiko batzen ditu: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako arreta eta farmaziak osasun-sisteman integratzea, gainerako asistentzia-mailekin koordinatuta.

Asma eta BGBK dira arnas gaixotasun kroniko prebalenteenetako bi. Euskadin, asmaren prebalentzia % 9,7koa da, eta BGBKrena % 2,41ekoa.

Bi gaixotasunen tratamendu nagusia inhalagailuen bidez aplikatzen da, eta oso garrantzitsua da inhalazio-teknika ondo ezagutzea; izan ere, behar bezala egiten ez bada, medikazioa ez da birikara iristen eta ez du eraginik sortzen.

Izan ere, estimazioen arabera, % 50ek ez dute lortzen agindutako tratamendua behar bezala gauzatzea, eta horrek zerikusia du bizi-kalitatea eta -itxaropena murriztearekin eta osasun-gastua handitzearekin.

Hainbat asistentzia-esparrutako profesionalen osasun-arloko esku-hartzeek erakutsi dute eraginkorrak direla gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen osasun-emaitzak hobetzeko. Horrela, osasun-profesionalek eta farmazia-bulegoko farmazialariek arreta integrala ematen lagundu dezakete medikazioa emateko garaian. Horretarako, medikazioa erabiltzeko aholkuak eta heziketa eman ditzakete, eta pazienteen jarraipena egiten lagundu. Rol orokor horrekin batera, farmaziatik ekintza espezifikoak egin daitezke pazienteen atxikimendu terapeutikoa hobetzeko, esku-hartze medikoa behar duten egoerak detektatzeko eta, halakoetan, pazienteak Osakidetzako osasun-zentrora bideratzeko.

Ildo horretatik, ohikoa da asma edo BGBK duten pazienteek beren farmazia-bulegoko farmazialaria maiz bisitatzea, beren medikazioa jasotzeko. Une hori aukera bat da gaixotasunaren hainbat alderditan osasun-heziketa emateko, atxikidura ebaluatzeko eta, beharrezkoa denean, osasun-zentrora bideratzeko. Beraz, farmazia esparru egokia da pazienteen atxikimendu terapeutikoa hobetzeko eta pazienteei arreta integrala ematen laguntzeko