2024-25 ikasturtean izena emateko epea zabalik, maiatzaren 7tik 30era

0

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2024-25 ikasturterako izena emateko epea ireki du gaurtik aurrera maiatzaren 30era arte

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak adin, genero eta maila guztietako pertsonentzako hezkuntza eskaintza zabala eta anitza du. Ikasturte honetan, 2700 ikasle inguru matrikulatuta egon dira 29 instrumentutan, 3 dantza espezialitatetan eta ikasgai multzo zabalean, bai taldeka, bai banaka.

Eskolez gain, ikasleek hiriko bizitza kulturalean parte har dezaten sustatzen du Eskolak. Urtean ia 200 ekitaldi antolatzen dira, kontzertuak, emanaldiak eta entzunaldiak barne, ikasleei beren trebetasunak garatzeko eta beren pasioa publikoarekin partekatzeko aukera eskainiz.

«ZURE AUKERA» lelopean, Eskolak hezkuntza eskaintza inklusibo eta askotarikoarekin duen konpromisoa berresten du, non norbanako bakoitzak bere talentu bakarra esploratzeko eta garatzeko aukera duen. Musikak eta dantzak sozializazioan eta garapen integralean duten ahalmen eraldatzailea aitortuz, Eskola aukera bat da artearen bidez ongizate fisikoa, emozionala eta kognitiboa landu nahi dutenentzat.

Gizarte intereseko prezioak

Musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera herritar guztiei zabaltzeko, haien egoera ekonomikoa edozein dela ere, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Gizarte Intereseko Prezioak ditu. Honek Eskolak musika eta dantza komunitate osoarentzat esperientzia inklusibo eta aberasgarriak egiteko duen konpromiso sendoa islatzen du. Gizarte Intereseko Prezioak hainbat talderentzat daude eskuragarri, hala nola DSBE (RGI) edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenentzat, familia ugarientzat, zehaztutako diru sarrerak baino txikiagoak dituzten familientzat, guraso bakarreko familientzat eta Eskolan matrikulatutako kide anitzeko familia unitateentzat.

Hona hemen 2024-25 ikasturterako Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza:

  • Musika Hezkuntza Goiztiarra: 0-2 urte.
  • Musika eta Mugimendua: 3-5 urte.
  • Dantza: Euskal Dantza, Garaikidea eta Klasikoa: 6 urtetik aurrera.
  • Musika Tailerra: 6-7 urte.
  • Instrumentuak, kantua eta Musika Hizkuntza: 8 urtetik aurrera.
  • Musika taldeak (Orkestrak, Bandak, Big Bandak, Rocka, Popa eta Jazza, Ensembleak, Gitarra, Txistua, Akordeoia eta Trikitixa): 8 urtetik aurrera.
  • Irakasgai osagarriak (Helduentzako Musika Kultura, Harmonia, Moldaketak, Inprobisazioaren Hastapena eta Zuzendaritza Praktikak): 16 urtetik aurrera.
  • Hezkuntza arauturako prestakuntza (ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak): 12 urtetik aurrera.
  • Musika Tailerra: 65 urtetik aurrera.

Eskaintza hiri osoan

Atotxako Zelaia Plazako egoitza nagusiaren eta Nestor Basterretxea plazan dagoen Dantza Eskolaren eskaintza zabalaz gain, Donostiako auzoetako egoitza guztiek (Antigua, Loiolako Erriberak, Amara eta Añorga) 3-7 urteko ikasleei zuzendutako irakasgaiak izango dituzte, hala nola Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra. 8 urtetik gorako ikasleentzako Musika Proiektuen eskolak eskainiko dira Antiguako egoitzan, Txalaparta eta Dultzaina eskolekin batera. Loiolako Erriberetan eta Salaberrian, aldiz, Piano klaseak eskainiko dira eta Urbietako egoitzan Gitarra eta 13 urtetik gorakoentzako Kantu eskolak.

Eskaintza Ekialdeko Barrutian

Herrera, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan adin guztietarako ikasgaiak egongo dira, hala nola Musika eta Mugimendua 3 eta 5 urte bitarteko txikienentzat eta Musika Tailerra 5 eta 7 urte bitartekoentzat. 8 urtetik aurrera eta adin mugarik gabe, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan banakako Piano klaseak eskainiko dira.

Herrerako egoitzan, bakarkako eskola ugari eskaintzen dira, bateriatik biolontxeloraino, baita musika taldeetan eta Musika Hizkuntzako eskoletan parte hartzeko aukera ere, musika hezkuntzan esperientzia integrala eskainiz.

Kantu eskaintza zabalagoa

Kantuak duen eskaerari erantzuna eman nahian, Donostiako Udalaren musika eta Dantza Eskolak kantu eskaintza zabaltzea erabaki du. Kantu Modernoko irakasle berri bat gehitzeaz gain, adin tarte handiago bati eskainiko zaio. Aurreikusten diren ikasgai berrien artean, Abesbatza Gaztea (15 eta 30 urte bitartekoentzat) dago, Abesbatza Txikiaren eskaintza (8-14 urte bitartekoentzat) handitu egingo da, 2 talde gehiago eskainiz, eta Helduen Abesbatza edo Helduen Kantu Taldea (30 urtetik gorakoentzat) mantentzen direla. Gainera, 8 eta 13 urte bitarteko ikasleei zuzendutako Kantu Tailerra eskainiko da, talde txikietan beren ahots teknika hobetzeko aukera emanez.

Dantza eskaintza adin guztietarako

Musika eta Dantza Eskolan irakasten diren 3 espezialitateetan (Euskal Dantza, Garaikidea eta Klasikoa), adin guztietarako taldeak eskaintzen dira. 6 urtetik aurrera, dantzan hasi daitezke gazteenak. Helduek ere aukera dute dantzan hasteko, Euskal Dantza eta Dantza Garaikideko hastapeneko taldeetan, edo dantzaren gozamena berreskuratu eta dantzatzen jarraitzeko, Dantza Klasikoko, Dantza Garaikideko edo Euskal Dantzako maila aurreratuagoko taldeetan.

Musika tailerra +65

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako programa berezi bat du, esperientzia musikalean murgiltzeko aukera emanez, nahiz eta aurretik esperientziarik ez izan. Ekimen honek, gaur bere hirugarren urtea betetzen duenak, bizitasunez betetako talde aparta bildu du, non psikomotrizitate ariketen eta melodien bidez memoria, kontzentrazioa, mugimendua, emozioak eta erlaxazioa suspertzen diren. Oinarrizko helburua ongizate integrala sustatzea da, burua, gorputza eta espiritua egoera ezin hobean mantenduz, modu alai eta irisgarrian.

Musika Gertu

Hezkuntza artistikorako sarbidea hobetzeko eta musikaren bidez lotura komunitarioak sendotzeko ahaleginean, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Musika Gertu proiektuarekin jarraituko du datorren ikasturtean. Proiektu berritzaile hau Herrera eta Altzako ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako ikasleei eskaintzen jarraituko da eta Bideberri Institutuarekin lankidetzan 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat Ekialdeko Barrutian.

Berritasuna

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2020 urtean martxan jarri eta pandemiak geldiarazi zuen Erabakita! proiektua amaitu egin du. Olatz Beobideren zuzendaritzapean
Eskolak eskaintzen dituen instrumenturen 25 azalpen bideo
argitaratu dira harrezkeroztik. Oihana Maritorena eta Joxean Malvido aktore lanetan izan ditugu eta Eskolak eskaintzen dituen aukera guztien artean erabakitzeko instrumentu guztiak probatzen ibili dira. Euskaraz grabatutako bideo hauek, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin, 5-8 minututako iraupena dute eta espezialitate bakoitzaren ezaugarri nagusiak aurkezten dituzte eskolako irakasleen laguntzaz haurrentzat egokia den erritmo eta hizkuntzan, baina edozein adineko pertsonentzat interesgarria den informazioa aurkeztuz.

Gainera, berrikuntza gisa, Eskolak Ana Huarte irakasleak sortutako jarduera berri bat aurkeztuko du herritarrentzako jarduera interaktiboen eskaintzaren barruan, instrumentuen eskaintza zabala ezagutzen laguntzeko, Erabakita! bideo sorta erabilita. Jarduera didaktiko gisa planteatuta, familian ikusteko egokia, jarduerak instrumentuak eta horien zatiak erakusten ditu. Ekimen honek esperientzia aberasgarri bat eskaini nahi du, 7 urteko ikasleek, instrumentua aukeratzeko garaian daudenek, instrumentuak hurbiletik arakatu ahal izan ditzaten eta beren etorkizun musikalari buruzko erabaki informatuak har ditzaten. Jarduera www.donostiaeskola.eus webgunean dago eskuragarri.

Informazio gehiago >>

2024/05/07-an argitaratua