Euskadiko Gaixotasun Arraroen Erregistroak, 2015ean sortu zenetik, guztira 1.226 patologiatako 11.888 kasu kontsignatu ditu 11.770 pertsonarengan

0
  • Hala adierazten du azken txostenak, duela hamarkada bat erregistroa abian jarri zenetik 2023 urte osora bitartean jasotako datuak biltzen dituenak

Euskadiko Gaixotasun Arraroen Erregistroa 2015. urtean abian jarri zenetik, Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalek sarean egindako lanari esker, 1.226 patologiatako guztira 11.888 kasu identifikatu ahal izan dira 11.770 pertsonarengan.

Osasun Sailaren web-gunean gaur argitaratu den Erregistro honen azken txostenaren datuak dira. Txostenak erregistroa abian jarri zenetik 2023 osora bitartean jasotako informazioa barne hartzen du.

Txostenaren arabera, Euskadin erregistratutako tasa 10.000 biztanleko 47 kasukoa da (41 Araban, 47 Bizkaian eta 49 Gipuzkoan). Adinaren arabera, Erregistroan agertzen diren pertsonen % 14,2 hamabost urtetik beherakoak dira. Sexuari erreparatuta, % 50,5 gizonak dira eta gainerako % 49,5 emakumeak.

Beste autonomia-erkidego batzuetako erregistro gehienek ez bezala (gaixotasun arraroen kopuru txikia hautatzen dute), Euskal Erregistroak mota horretako edozein patologia kontabilizatzen du. Zehazki, 1.226 gaixotasun desberdinen kasuak jasotzen ditu, nahiz horietako bakoitzaren pisu erlatiboa nabarmen desberdina den. Hala, patologiarik ohikoenak, Steinert-en distrofia miotonikoak, 437 kasu erregistratu ditu, eta 554 gaixotasunek, berriz, kasu bakar bat erregistratu dute.

Enbriogenesian, gaixotasun neurologiko arraroak eta garapenaren akats arraroak dira, oraindik ere, kasu gehien erregistratu dituzten patologien kategoriak edo patologia-taldeak.

Erregistroan jasotako gaixotasun arraroen artean, hauek dira gehien erregistratutakoak: gizonen artean, Steinert-en distrofia miotonikoa, biriketako fibrosi idiopatikoa eta 1. motako neurofibromatosia; emakumeen artean, behazun-kolangitis primarioa, 1. motako neurofibromatosia eta erretinosi pigmentarioa.