Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi eurorekin lagunduko ditu arte eszenikoen ekoizpenak

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du arte eszenikoen ekoizpenerako dirulaguntzak arautzen dituen deialdia, zehazki, 2024ko ekitaldian egiten edo hasten diren antzerki, dantza eta zirkuko ekoizpenerako dirulaguntzak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.560.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, aurreko urtean baino 160.000 euro gehiago.

Deialdi honetara bideratutako 1,56 milioi euroak honela banatuko dira:

  • Hitzartutako zirkuitua duten produkzioak egiteko laguntza: 300.000 euro bideratuko dira 2024ko uztailaren 1aren ondoren eta 2025eko azaroaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzio-proiektuak laguntzera. Kalean programatuko diren ekoizpen proiektuak 2024ko maiatzaren 16tik aurrera estreinatu ahal izango dira. SAREAren antzokiekin hitzartutako bira bat aurkezten badute ere eskuratu ahal izango dute dirulaguntza beti ere SAREAren antzokiren batean ekoizpena estreinatu eta hurrengo lau hilabeteetan egiten bada. Modalitate honetan 75.000 euro banatuko dira antzerkirako, 105.000 euro dantzarako eta 40.000 euro zirkurako.
  • Produkzioak I egiteko laguntzak: Izaera profesionaleko lehen proiektuak, izaera berritzaile esanguratsua duten proiektuak eta berariaz ikerketara eta esperimentaziora bideratutako obrak lagunduko dira diruz, baldin eta 2024ko martxoaren 30etik aurrera eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen estreinatzen badira. Laguntzen zenbatekoa 220.000 eurokoa da. 75.000 euro antzerkirako, 105.000 euro dantzarako eta 40.000 euro zirkurako.
  • Produkzioak II egiteko laguntzak: 2024ko martxoaren 30aren ondoren eta 2025ko ekainaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzioak lagunduko dira diruz. Laguntzen zenbateko osoa 340.000 eurokoa da. 160.000 euro antzerkira bideratuko dira, 120.000 euro dantzara eta 60.000 euro zirko ekoizpenetara.
  • Bi urteko jarduera eszenikorako laguntzak: 700.000 euro banatuko dira 2024-2025 urteetan garatuko diren proiektu eszenikoen artean beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoko merkatua zein kanpoko merkatua kontuan hartzen dituen birako plan bat badute. Modalitate honetan 467.000 euro banatuko dira antzerkirako eta 233.000 euro dantzarako.

Deialdi honetan 882.000 euroko partida aurreikusi da antzerki-ekoizpenetarako, 518.000 euro dantzarako eta 160.000 euro zirkuko ekoizpenetarako.

2023ko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak arte eszenikoen ekoizpenerako 31 diru laguntza eman zituen: hitzartutako zirkuituarekin egindako 5 ekoizpen lagundu ziren; produkzioak I egiteko dirulaguntzen arloan 13 dirulaguntza eman ziren; produkzioak II egiteko arloan 7 eta beste 6 laguntza eman ziren bi urteko jardunetarako.