Iñigo Urkulluk: «Datuek erakusten dute zailtasunak-zailtasun, atzera egin ordez, Euskadi hazi egin dela azken urteotan”

0
  • Lehendakariaren arabera, lana, ahalegina eta elkarlana dira hazten jarraitzeko eta Euskadik aurrean dituen erronka garrantzitsuei aurre egiteko giltzarri nagusiak

Iñigo Urkullu Lehendakaria CEBEKen 2024 urteko Ohiko Batzar Nagusiaren itxiera ekitaldian izan da gaur,  Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, lagunduta. Sari banaketa amaituta, CEBEKeko presidenteak, Carolina Pérezek, Lehendakariari eman dio hitza.

Saritutako enpresak zoriondu ostean, Lehendakariak bere hitzaldia baliatu du azken urteotako balantze laburra egiteko, eta agintari, ordezkari eta enpresa sarituen aurrean baieztatu du lankidetza zintzoa aurrera eramateko gai izan direla denbora guzti honetan. Atzera begiratuta, Lehendakariak onartu du ez direla urte errazak izan, krisiak bata bestearen atzetik etorri baitira, krisi zurrunbilo amaigabe horren aurrean, baina, herri gisa Euskadik “arazoei aurre egitearen aldeko apustua” egin duela berretsi du, “eta aurrera atera gara pixkanaka”- esan du.

Lehendakariaren esanetan, datuek erakusten dute zailtasunak-zailtasun, ziurgabetasun egoeraren aurrean, atzera egin ordez, Euskadi hazi egin dela. Eta datuak eman ditu baieztapen hori berresteko: gaur egun 1.013.000 pertsona baino gehiago daude lanean eta kotizatzen; pertsonako batez besteko errenta 36.000 eurokoa da; Gazteen Langabezia tasa %30etik %10era jaitsi da azken hamar urteetan; inoiz baino enpresa gehiago sortu dira azken hamarkadan; industria eta zerbitzu aurreratuak Euskadiko BGGaren %40 dira eta 32 mila milioi euro esportatzen dira. «Hori guztia posible izan da ekintzaileen konpromisoari esker, ahalegin partekatuari esker» -azpimarratu du Urkulluk.

Datu onak diren arren, Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela lanean jarraitzea. “Euskadik erronka garrantzitsuak ditu aurrean, ahalegin berezia eskatzen dute erronkak; beharrezkoa da inbertitzen eta berritzen jarraitzea; gero eta enplegu gehiago eta hobea sortzea, lan baldintza hobeekin; gure enpresen lehiakortasuna bermatuko duen trantsizio energetiko justua sustatzea; industria-sarearen deskarbonizazioan urrats sendoak ematea, ekonomia berriak eskaintzen dizkigun aukerak guztiak baliatuz eta digitalizioaren erronkari ere aurre eginez; eta noski, beharrezkoa da, emaitzak onak ematen ari den “eredu inklusibo parte-hartzailea” enpresetan sustatzen jarraitzea”- nabarmendu du Lehendakariak.

“Herri gisa erronka horiei guztiei aurre egin beharko diegu” – baieztatu du Lehendakariak, eta ziurtatu du lana, ahalegina eta elkarlana giltzarri izango direla  hazten jarraitu eta Euskadik aurrean dituen erronka garrantzitsuei aurre egiteko; “ziur naiz Euskadiko enpresek ere egoerak eskatzen duen mailan jardungo dutela; izan ere, gure herriak industria-sare sendoa behar du, egunez-egun hazten joango dena, industria-sare sendorik gabe ezinezkoa baita ongizate mailari eta zerbitzu publikoei eustea”- amaitu du Lehendakariak.