Euskal Herriko bideo-esperimental artxiborik handiena du UPV/EHUk

0

Bideo-sorkuntzako artxiboa berreskuratzeko proiektua aurkeztu berri du UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak. Aipatutako artxiboak Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko artisten 732 bideo pieza ditu, formatu analogikoan. Ezaugarri horiek dituen Euskal Herriko artxiborik garrantzitsuena da, eta Estatuko garrantzitsuenetako bat. 70eko, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetako lanak biltzen ditu.

Orain arte Euskal Herriko 65 egileren eta kolektiboren lan artistikoak inbentariatzea lortu da. Esaterako, hauenak: Juan Carlos Eguillor, José Ramón Sáenz Morquillas, Txupi Sanz, Isabel Herguera, Ramón de Vargas, Bego Vicario, Estíbaliz Sádaba, Beatriz Silva eta Josu Rekalde. Goya sariak, Estatuko eta nazioarteko sariak, Gure Artea sariak eta beste sari batzuk jaso dituzten artistak dira horiek guztiak.

“Bideoak ikus-entzunezko piezak egiteko aukera gizarteratu zuen aldi horretan, Euskal Herria eremu bereziki emankorra bilakatu zen, Arte Ederren Fakultateko ikus-entzunezkoen espezialitateari esker (Estatuan aitzindaria), Artelekuk material horiekin lan egiteko ematen zituen erraztasunei esker edo Gasteizeko Irudiaren eta Teknologia Berrien Zentroari esker.   Ondorioz, ikus-entzunezkoen sortzaileen hainbat belaunaldi sortu ziren, eta pieza esperimentalen, animazioen, bideoklipen eta abarren ekoizpen zabala”, azaldu du Arantza Lauzirikak, Arte Ederren Fakultateko irakasleak eta Akmeka ikertaldeko zuzendariak.

“Dagoeneko artearen historiaren parte diren piezak jasotzen ditu bildumak, eta teknologia praktika artistikoan txertatu zen garai baten lekukoak dira”, adierazi du Lauzirikak. Arteleku ekoizpen artistikoko zentroko bideoteka desagertu zenetik, hau da ezaugarri horiek dituen Euskadiko artxibo bakarra. Euskal Herrian “bideoak praktika artistiko garaikideen garapenean garrantzi handia” izan bazuen ere, orain arte, ekoizpen horien zati handi bat “ahaztuta egon da, eta galtzeko arrisku handian”.

Tesi baten luzapena

Ikus-entzunezkoen euskal ondareari buruzko proiektu honek, VideoFlux izenekoak, 1970 eta 2005 arteko aldia hartzen du barne, eta hainbat eragileren laguntza du, hala nola Euskadiko Filmategiarena, Elias Querejeta Zinema Eskolarena edo Audiovideorestauración enpresa galiziarrarena, beste batzuen artean. Pablo Maraví Martínezen ‘Pérdidas de generación: de la historización del videoarte en el Estado español a la arqueología videográfica en Euskal Herria’ doktorego tesiaren luzapen gisa jaio zen proiektua. Artxibo honen egileen artean daude UPV/EHUko ikertzaile hauek: Pablo Maraví Martínez, Libe Belandia Juaristi, Gabriel Villota Toyos, Fito Rodríguez Bornaetxea, Arantza Lauzirika Morea eta Natxo Rodríguez Arkaute.

“Biltegiratzeko gailu elektromagnetikoen hauskortasunak eta izaera efimeroak (inoiz ez dira egon pentsatuta informazioa epe luzean gordetzeko) eta erakundeek material horiek kontserbatzearekin lotutako arazoaren aurrean izandako interes faltak arrisku larrian jarri dute Euskal Herriko memoria artistiko-historikoaren zati bat”, adierazi du Pablo Maravík, goian aipatu dugun eta proiektu honen hazia izan den tesiaren egileak.

Artxibo hau Bizkaiko Campuseko Maria Goyri eraikinean dago (Leioa, Sarriena auzoa z/g) eta bideoarteko 732 pieza baino gehiago ditu. Arte Ederren Fakultateko funts historikoak, Bosgarren Kolektiboaren artxiboa (Tolosako Bideoaldiaren lau edizioak antolatu zituen taldea) eta ikus-entzunezko material berriaren ekarpen puntualak biltzen ditu.