Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 45 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu dute 2023an

0
  • Ikerbasquek 373 ikertzaile zituen 2023aren amaieran, hiru kategoriatan banatuta: 191 ikertzaile kontsolidatu, 106 ikertzaile gazte eta 76 Research Associate.
  • Ikerbasque bultzatzeko egiten den esfortzu ekonomikoa eta ikertzaileek batu zuten diruari esker, zientziari lotuta dauden 1.639 profesionalen kontratazioa ahalbideratu zen. 
  • 2023an lortutako emaitzek errekor berria suposatzen dute Ikerbasqurentzat, bai ikertzaile kopuru aldetik bai proiektuen lidergoa, publikatutako artikuluak edota funtsen erakarpenari dagokionez. Hau guztia dela eta, esan daiteke Ikerbasque mundu osoko ikertzaileak erakartzeko erreferente dela eta ikerketa zientifikoaren aldeko apustua errentagarria dela.

Bilbon, 2024ko maiatzak 9- 2023aren amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 191 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 106 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 76 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Haien ikerketa-jarduna nabarmen islatu da argitalpen zientifikoetan. Hartara, urte osoan, 1.530 artikulu plazaratu zituzten indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarteko kualifikazio handiko argitalpenetan. Aurreko urtean baino %6 gehiago.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2023an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 45.437.886 eurokoa izan zen (2022ean baino 5 miloi euro gehiago). 2007az geroztik Euskadira 380 milioi euro erakatzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 1.222 proiektutatik (aurreko urtean baino 164 proiektu gehiago) hogeta hiruk ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.639 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan. Era berean, ikertzaileek 37 spin-off sortzen lagundu dute, izan ere, enpresa-ekimen hauen jarduerak prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena du oinarri, ikerketetan lortutako ezagutzatik eta emaitzetatik abiatuta.

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 71, emakumezkoen % 29aren aldean. Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, %46 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 25 medikuntza-zientzietakoak, % 15 ingeniaritza arlokoak eta % 14 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2023an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu zuela, 2023. urtean, garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Orain arte, Ikerbasqueko programek 28 milioi euro lortu dituzte Europako Batasunetik.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

IKERBASQUEko ikertzaileek egindako lanen artean eta azken urteko argitalpenik nabarmenen artean, honako hauek azpimarra daitezke:

  • Maila globaleko ikerketa batek frogatu duenez, hiriek ez dute aprobetxatzen naturan oinarritutako soluzioek eskaintzen duten potentzial osoa. Ikerketa honetako partaideak izan dira Marta Olazabal eta Unai Pascual, BC3 zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak, eta Nature Sustainability aldizkarian argitaratu zen.
  • Alzheimerraren ikerketarako funtsezko aurkikuntza: Achucarro euskal zentroan lanean diharduen Amaia Arranz ikerbasqueko ikertzailea partaide izan zuen nazioarteko ikerketa batek neuronen heriotza-mekanismoa argitu zuen Alzheimerren gaixotasunari dagokionez, eta honek ateak ireki ahal dizkio terapia edo botika berrien garapenari. Ikerketa Science aldizkari ospetsuan argitaratu zen.
  • Balkanetako antzinako genomek agerian utzi dute nola eratu zen Europa eslaviarra. UPV/EHUn lanean diharduen Iñigo Olaldek Ikerbasqueko ikertzaileak zuzendu zuen, Biologia Ebolutiboko Institutuarekin (IBE: CSIC-UPF) eta Harvardeko Unibertsitatearekin batera, Balkanetako penintsularen lehen milurtekoko historia genomikoa lehen aldiz berreraiki duen ikerketa hau. Lana Cell aldizkari ospetsuan argitaratu zen.
  • Kaltzio karbonatozko nanopartikula ultratxikiak aterosklerosiaren diagnostikoa hobetzeko. CIC biomaGUNEko Jesús Jiménez Cabellok eta Susana Carregalek nanopartikulak diseinatu eta alderatu dituzte, aterosklerosiko plakaren garapen-faseari buruzko informazioa lortzeko. Lana ACS Nano aldizkari ospetsuan argitaratu zen. Aurkikuntza honek bularreko minbiziari aurre egiteko estrategia terapeutiko berrien garapena erraz dezake

Helburuko zentroa

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 126 ikertzaile EHU/UPV-n lan egiten dabiltza. Gainerako 247k Deustuko eta Mondragoiko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.

Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:

  • Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
  • BCMatrials – Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
  • Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
  • DIPC – Donostia International Physics Center (Donostia)
  • CFM-MPC Materials Physics Center (Donostia)
  • Biofisika Institutua.Basque Centre for Biophysics (Leioa)
  • BC3 – Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
  • BCAM – Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
  • BCBL – Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)

IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biobizkaia eta Biogipuzkoa ikerketa zentroak eta Azti, Neiker, Tecnalia, Tecnum (Nafarroako Unibertsitatea), Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa) eta IISL/IISJ. Guztira, Euskadiko 25 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.