Lehendakariaren Adierazpena 2024ko Europaren Egunean

0
PRUEBA

Schuman Adierazpena sinatu zenetik 74 urte bete dira gaur.

Adierazpen hori Europar Batasunaren jaiotza-agiritzat jotzen da.

Gaur egun, bere printzipioek inoiz baino indar handiagoa dute, eta Europako herrien arteko aurrerabide eta bizikidetzarako oinarri izan ziren balioak aldarrikatzen ditugu. Era berean, balio horiek mundu global batean elkarlanean eta adiskidetasunez jarduteko zutabeak dira.

Ekainaren 6tik 9ra bitartean izango diren Europako Parlamenturako hauteskunde berrien atarian gaude.Europa, berriz ere, bidegurutze batean dago.

1945etik aurrera ezarritako nazioarteko ordenak zuzentzen duen mundua mehatxatuta dago, multilateralismoan, merkataritza librean edo nazioarteko lankidetzan ondorioak dituzten joera kezkagarriengatik.

2022an Errusiak bere kabuz Ukraina inbaditu zuenetik, Mundu Gerraren ondoren lortutako egonkortasuna arriskuan da Europan.

Gaur egun, Schumanen ideietako bat aplikagarria da, hain justu ere, honakoa: «ezin da munduko bakea babestu, bakea mehatxatzen duten arriskuen neurriko ahaleginik eraiki gabe».

Argi dago oreka geopolitiko berrien konfigurazioak bakea mehatxatzen duela; bakea bermatu ahal izatea lehentasun bihurtu da, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da Europar Batasunaren baitan partekatzen den «ahalegina eraikitzea».

2024an, tentsioak jaitsi beharrean, areagotu egin dira. Ekialde Hurbila eta Ekialde Ertaina odolusten ari dira, eta horrek larriki eragiten die biztanle zibil babesgabeei.

Gatazka armatuen gorakada errealitate nabaria da, eta, hala ere, oraindik, Europan ez dago defentsarako politika bateraturik.

Europar Batasunaren azken zabalkunde handitik hogei urte bete direnean, zabalkunde berri bat ate joka daukagu. Gaur egun, globalizazioa ez da duela 20 edo 30 urte bezala ulertzen, eta Europak bere autonomia estrategikoa garatu behar du.

Europak eta munduak trantsizio energetiko, digital eta sozial hirukoitzari aurre egin behar diote.

Erronka horri erantzuteko, Europak merkatu bakarrean sakondu behar du, eta finantzen, komunikazioen eta energiaren merkatu europarra ezartzea premiazkoa da.

Europaren Egun honetan, bidezko kohesio-politika eskatzen dut, merkatu bakarraren egiturazko elementu gisa, eta Europar Batasun hurbilagoa, eraginkorragoa eta kohesionatuagoa lortzeko bitarteko gisa, herritar guztien onerako.

Egia esan, krisia aukera bat da, eta, Monnetek zioen bezala, «gizonek premiak behartuta soilik onartzen dute aldaketa, eta krisialdietan soilik ikusten dute beharra».

Gainera, industria-politika bateratua behar dugu, bai eta bosgarren askatasun europar bat eratzea ere, lehendik daudenez gain, ikerketa, berrikuntza eta hezkuntza indartzeko, Enrico Lettak «Merkatu bat baino askoz gehiago» txostenean proposatutako ildotik.

Era berean, multilateralismoarekin, elkarrizketarekin eta lankidetzarekin konprometitutako Europa bat behar dugu.

Finantza-krisiak, Brexit-ak, pandemiak eta Ukrainako gerrak bultzatuta, Europa indartuta atera da,  eta integrazioan aurrera egin du.

Integrazio europarraren prozesuak ikuspegia, ausardia eta borondate politikoa eskatzen ditu.

Prozesu horretan aurrera egiteko, borondate guztiak batu behar dira, Europa berriak eskatzen duen konstituzio-arkitekturan, estatuez gain, eskualdeek eta nazioek ere ekarpenak egin behar dituzte.

Ildo horretan, bada garaia maila anitzeko gobernantza eraginkor bat egituratzeko, subsidiariotasun-printzipioan oinarritua, legegintzako eskumenak ditugun eskualde eta nazionalitateek Batasunaren eremuan botere konstituzionalak erabat garatu ahal izan ditzagun, eztabaidak aberastuz, legitimitatea indartuz, parte-hartze eta kontrol demokratikoak areagotuz, eta Europa eraikitzeko eta integratzeko prozesuari lagunduz.

Gure konpromiso europazalea berresten dut, aldi berean, Arku Atlantikoa indartzeko beharra aldarrikatzen dut, erronka eta proiektu partekatuetan aurrera egiteko bitarteko gisa: Ekonomia Atlantiko berritzaile eta jasangarria; garraioa, digitalizazioa eta energia elkarri lotuta dituen Espazio Atlantikoa; klima-aldaketaren aurrean erresilientea den Espazio Atlantikoa; eta sozialki eta kulturalki batuta dagoen Espazio Atlantikoa, lurraldeen erakargarritasuna bermatzeko eta espezializazio adimenduneko sektore nagusien konpetentziak hobetzeko.

Euskadik egiten duen apustua berresten dut, kultura-aniztasuna, inklusioa, bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzen dituen Europar Batasunaren alde, berau osatzen duten Herri guztien duintasuna, gizarte-kohesioa, giza eskubideak eta bizikidetza baketsua defendatuko dituen Europa baten alde.