- Anesvad Fundazioaren Heallth Sarien IX. Edizioa Bilboko Elkarte Filarmonikoan
- Sariak: Ángela Gutiérrez ahizpa, Mozambique Sur Fundazioa eta Haaly Pular
- “Euskal lankidetzak herrialde eta lurralde askotako prozesuetan laguntzen du, pertsona guztiek giza garapen jasangarria eta justizia sozial handiagoa izan dezaten”
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa´ren ustez, “ezinbestekoa da Afrikako kontinentea garatzeko gizarte-ekimenak babestea”. Melgosak Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin den Anesvad Fundazioaren Heallth Sarien IX. edizioan azpimarratu duenez, “euskal lankidetzak herrialde eta lurralde askotako prozesuetan laguntzen du, pertsona guztiek giza garapen jasangarria eta justizia sozial handiagoa izan dezaten”.
Epaile eta Fundazioko lehendakari Garbiñe Biurrunekin, Iñigo Lasarekin, Fernando Álvarezekin, Gotzone Sagarduirekin, Paul Ortega Etxeberry eta Juan María Aburtorekin batera, Melgosak Anesvad Fundazioa eta saritutako pertsonak eta erakundeak zoriondu ditu: Ángela Gutiérrez ahizpa, Gasteizko Haaly Pular elkartea eta Mozambique Sur Fundazioa.
“Azpimarratu beharra dago Afrika, hurbil badago ere, lurralde ezezaguna izan dela orain arte. Poliki-poliki ari gara ezagutzen Afrikak duen kultura-, ekonomia-, giza eta gizarte-aberastasun handia eta askotarikoa. Osasuna funtsezko elementua da garapena lortzeko eta desparekotasunak desagerrarazteko. Hori dela eta, Osasunerako Eskubidearen aldeko konpromisoa tinkoa hartu dugu”, adierazi du Melgosak.
Euskal lankidetzaren arduradun nagusiak adierazi duenez, «herrialde pobretuetan ekimenak bultzatzeaz gain, uste dugu Euskadin ere gizarteari prozesu horien parte izaten lagunduko dioten ekintzak egin behar ditugula. Inplikazio horren erakusgarri dugu (H)ABIAN 2030 Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategia. HABIAN estrategiari esker, euskal erakunde publiko, ikastetxe, kultura-erakunde eta GKE batzuek konpromisoa hartu dugu beste errealitate batzuk agertuko dituzten eta herritarrak sentsibilizatuko dituzten ekimenak bultzatzeko. Anesvadek ere bat egin du HABIANekin, eta duen inplikazio handia erakutsi du”.
Gaurko egunean sariak jaso dituztenak honako hauek dira: Ángela Gutiérrez ahizpa, Kinshasan (Kongo), THÉLEMA izeneko Osasun Mentaleko Zentroan gaixotasun mentalak dituzten pertsonei eskainitako arretagatik; Mozambique Sur Fundazioa eta gaixotasun infekziosoak eta tropikalak prebenitu eta tratatzeko landa-ingurunean garatu duen Osasun Komunitarioko Programa; eta Haaly Pular elkarteak Gasteizen egiten duen lana (elkarteak buru-belarri dihardu oinarrizko eskubideen eta, bereziki, nesken eskubideen defentsan eta sustapenean, baita emakumeen mutilazio genitalaren, ezkontza goiztiarren eta genero-indarkeriaren aurka ere).