Euskal ekonomiak joan den hilabetean izan zuen ia zazpi puntuko hobekuntza, hura hazkunde sendoko eremura hurbiltzen duena, abiapuntu izan da gaur Astekonomian. Asteko adierazle garrantzitsuenak jasotzen dituen laburpen honek erreparatzen die, era berean, apirilean Gizarte Segurantzan izandako afiliazio-errekorrari eta hilabete horretako langabeziaren igoerari.
Alde batetik, apirilean, euskal ekonomiaren termometroak nabarmen hobetu zituen azken hilabeteetako balioak, eta 91,4an kokatu zen, hazkunde sendoko eremutik gertu. Bilakaera hori kontsumo pribatuaren eta kontsumo publikoaren eskutik etorri zen, horiek aurreko hilabeteetako indarrari eutsi baitzioten. Halaber, zerbitzuek hazkundea eta enplegua bultzatzen jarraitzen dute.
Bestetik, apirilean, Euskadin afiliazioak % 1,7 egin zuen gora aurreko urteko aldi beraren aldean. Hala, dagoeneko badira zenbait hilabete ondoz ondo milioi bat afiliazioren gainetik. Zehazki, azken hilabetean erregistro horrek 1.013.000 afiliazio gainditu zituen: serie historiko osoan lortutako baliorik handiena.
Orobat, apirilean, Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabezia % 1,4 igo zen. Horrela, berretsi egiten da martxoko gorakada, aurreko hilabeteetan izandako beheranzko joera hautsi baitzuen. Balio absolutuetan, ia 110.000 langabe izan ziren, horietatik 63.200 emakumeak.
Asteroko laburpen hau minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, eta gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea du helburu.