Nerea Melgosa Gasteizen egingo den Andaluziako Udaberriko XXIII. Feria pizteko ekitaldian izan da

0
PRUEBA
  • Lakua-Arriagako Séneca Andaluziako Kultura Zentroan
  • “Lan eta ilusio handia Andaluziako kulturaren balioak eta ikurrak zabaltzeko garaian”

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Gasteizko andaluziarren kolektiboa eta Séneca Kultura Zentroko presidente Iñaki Iglesias zoriondu ditu “Andaluziako kulturaren balioak eta ikurrak –eta, haien artean, asteburu honetan Lakua-Arriagan egingo den Udaberriko Feria– bizitzeko eta zabaltzeko egindako lanagatik eta agertutako ilusioagatik”.

Iglesiasekin, Melgosarekin eta Gasteizko erakunde eta zentro autonomikoetako beste ordezkari batzuekin batera, Andaluziako Juntako Kanpo Ekintzako idazkari nagusi Jorge Vázquez izan da.

Gasteizko Séneca Andaluziako Kultura Zentroak 2024ko Udaberriko XXIII. Feria egingo du maiatzaren 10etik 12ra bitarte, Lakua-Arriagako Arrese kalean duen egoitzan. Hogei emanaldi baino gehiago daude programatuta. Iñaki Iglesias presidenteak Feriako argiak piztu eta jai-agurra eskaini du, eta Coro Rociero Séneca abesbatzaren eta “La Piti” kantariaren emanaldiak izan dira. Hurbileko karpan, jai bat egingo da 02:00etara arte.

Bihar, maiatzaren 11n, larunbata, 12:00etan irekiko da berriz Feria, eta sevillanen lehiaketa egingo da. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, moda flamenkoko desfile bat egingo da, eta “Oro y plata” taldearen emanaldiak 03:00etara arte luzatuko du jaia. Hilaren 12an, igandea, 12:00etan, “Raíces del Sur” dantza-taldearen eta “Oro y plata” taldearen emanaldiak izango ditugu. 21:00etan, amaiera emango zaio Udaberriko Feriari.

Feria antolatzeko, Andaluziako Juntaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza jaso da.