Txilek eta Euskadik lankidetza eta truke komertzialek markatutako harreman historikoa dute, Txileko merkatuan euskal enpresen presentzia aktibo batek babestua.Gaur egun, Latinoamerikan euskal esportazioetarako laugarren helmuga garrantzitsuena da herrialdea, 250 enpresa baino gehiagok erregularki esportatzen baitute Hego Amerikako herrialde horretara.
Testuinguru horretan, SPRI taldean integratutako euskal enpresak nazioartekotzeko sozietatea den Basque Trade & Investment (BT&I erakundeak), eta Txileko Ekoizpena Sustatzeko Korporazioak (CORFO) urrats bat gehiago eman dute bi eskualdeen arteko lotura komertzial eta teknologikoak indartzeko, Elkar Ulertzeko Memorandum baten bidez (MoU, ingelesezko sigletan). Memorandum horren bidez, lankidetza estrategiko bat formalizatu eta sustatu nahi da enpresa-produktibitatea bultzatzeko, nazioartekotze-politikak sustatzeko eta funtsezko esparru teknologikoetan lankidetza indartzeko.
Mikel Amundarain Industria sailburuordeak, Ainhoa Ondarzabal BT&Iko zuzendariak, Alberto Fernández Eusko Jaurlaritzak Txilen duen ordezkaritzako enpresa-arduradunak eta José Miguel Benavente Hormazabal CORFOko lehendakariorde exekutiboak sinatu dute hitzarmena.
Hidrogenoaren sustapena eta industria-proiektuak
Basque Trade & Investment-ek, Euskadik hitzarmen honetan duen ordezkari gisa, interes berezia du CORFOk Txilen sustatutako arlo estrategikoetan euskal enpresei negozio-aukerak eskaintzeko. Horren barruan sartzen da hidrogeno berdearen ekoizpena bezalako proiektuetan parte hartzea, CORFO buru duen Europa eta Txile arteko hidrogeno berriztagarria finantzatzeko ekimenarekin bat eginez.
“Hitzarmen horri esker, euskal enpresek Txilen eskala handiko eta ertaineko industria-proiektenk inplementazioan parte hartu ahal izango dute aholkularitzan, ingeniaritzan, eraikuntzan eta energian, besteak beste, beren jardueren nazioartekotzea erraztuz”, azaldu du Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak.
Elkar Ulertzeko Memorandum hau sinatzeak Euskadiren eta Txileren arteko lankidetza indartzeko konpromiso sendoa adierazten du, bi eskualdeetan bidezko garapen ekonomiko eta teknologiko jasangarria sustatuz.