Javier Hurtado sailburuak Ekinn jardunaldian nabarmendu du gazteen ekintzailetzak duen garrantzia merkataritzaren sektorean

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak merkataritzari, gazteriari eta ekintzailetzari buruzko Ekinn jardunaldia aurkeztu du Donostian. Ekitaldian oso jende gaztea izan da, eta ekintzaileei entzuteko aukera izan dute, merkataritzaren arloan dituzten bizipenak kontatu baitituzte gazte batzuentzat inspirazio-iturri izan daitezen.

Sailburuak adierazi du oraintxe bertan gazteen ikuspegiak entzun eta ulertu behar direla, “gazteak, etorkizuna ez ezik, gizartearen oraina ere” badirela eta “haren norabidea haiek moldatuko” dutela nabarmenduz.

Bestalde, merkataritza oso esparru aldakorra da, etengabe egokitu behar baita aro digitalak kontsumo-ohituretan duen eraginera eta eremu horrek eskatzen duen berrikuntza-beharrera. Era horretako jardunaldietan, gazteek merkataritza ekintzailetzarako aukera bideragarritzat hartzea bilatzen da, eskaintzen dituen aukera guztiak nabarmenduz.

Sailburuak gizarte mosaikoa deitzen dio belaunaldi ezberdinek merkataritzaren munduarekin duten harremanari. Gazteek, mundu digitalizatu batean jaio izanaren ondorioz, askoz ere hurbilago daude merkataritzatik, aurreko belaunaldietatik aldatu egin diren kontsumitzeko, ordaintzeko eta komunikatzeko moduekin. “Zuentzat, online eta offline erosketaren arteko mugak askoz ere lausoagoak dira, kanal anitzeko erosketak egiteko gai zarete, ingurune fisikoan eta digitalean mugitzeko erraztasun berberak dituzue, une bakoitzean mugitzen zaituzteten faktoreen arabera. Eta horrek askoz ere moldakorragoak egiten zaituzte, eta merkataritza-sektorean berrikuntzatik ekiteko aukera ematen dizue”, azaldu du sailburuak.

Berrikuntzak merkataritzan duen garrantzia azpimarratu du, etengabeko hobekuntza-prozesu gisa defendatuz, zerbait berria sortzea baino gehiago. Era berean, bertaratuak animatu ditu erosketa-esperientzia hobetzeko moduetan pentsatzera eta berrikuntza enpresa-arrakastarako tresna gisa erabiltzera.

Ekinn jardunaldia gazte ekintzaileak ahalduntzeko mezu batekin amaitu da, eta gogorarazi zaie merkataritza ez dela iraganeko belaunaldien kontua, baizik eta aukera ugari eskaintzen dituen etorkizuneko jarduera. “Izan ezazue kontuan dagoeneko ekintzaile izan denaren esperientzia, zailtasunei eta erronkei aurre egin behar izan dienarena. Izan ezazue kontuan hark dakiena. Eta, gero, pentsatu zuek zer nahi duzuen, zuek, bezero gisa, saltoki batean zer aurkitu nahiko zenuketen”, azpimarratu su sailburuak.