Nerea Melgosa: «Bizikidetzak ezin du ahanzturan oinarritu»

0
PRUEBA
  • Melgosa: «Benetako konkordiak egiaren, biktimen memoriaren eta printzipio demokratikoen zutabeetan baino ezin du oinarritu»
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Amorebieta-Etxanon parte hartu du gaur arratsaldean, herriko hilerriko hobian identifikatutako lehenengo bi pertsonen gorpuzkiak entregatzeko ekitaldian
  • Identifikatuak Adolfo Cengotitabengoa Izurza (Muskiz) eta Jaime Iñiguez Nieva (Ortuella) dira, biak Perezagua Batailoiko milizianoak, egun berean hilak, 1937ko apirilaren 7an
  • Gogorak lanean jarraitzen du Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratutako gainerako 84 pertsonak identifikatzeko
  • Desagertuko gudularien 30 bat senitarteko ere gerturatu dira gaurko ekitaldira

Eusko Jaurlaritzak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko kanposantuko hobiko lehen bi identifikatuak familiei emateko ekitaldia antolatu dute. Iazko abenduan eta martxoan egindako indusketetan 86 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta berreskuratzeko lanen ondorengo lehen emaitza da.

Identifikatutako pertsonak Adolfo Cengotitabengoa Izurza (Muskiz) eta Jaime Iñiguez Nieva (Ortuella) dira, biak Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak. Biak egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an; Cengotitabengoa Barazarko frontean, 31 urterekin, eta Iñiguez Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean, 19 urterekin, seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du gaur arratsaldeko ekitaldian, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan, memoriaren eta giza eskubideen arloko bere taldearekin batera: José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Nerea Melgosa sailburuak bere hitzaldian azaldu duenez, Amorebieta-Etxanoko hilerriko desobiratze lanekin jarraituko dute, baita gainerako 84 gorpuak identifikatzeko ahaleginekin ere. Horretarako, Gerra Zibilean desagertutakoen senideek Gogora Institutuari DNA lagina emateko deia egin du. Era berean, Eusko Jaurlaritzak indarrean duen konpromisoaz jardín du; balio eta idea demokratikoengatik hil eta desagertuta jarraitzen duten gudari eta milizianoen hezur-hondarrak berreskuratu, identifikatu eta haien familiei emateko «gaur egun, ideia eta balio horiek gureak ere badira, ultraeskuinaren, totalitarismoen eta populismoen aurrerakadaren aurrean, goraipatzen ditugunak”. «Gudari eta miliziano haien konpromisoa dago gure egungo konpromisoaren oinarrian” gaineratu du.

Sailburuak «justizia-ekintza» gisa aipatu du arratsaldeko ekitaldia. «Batzuek diote gorroto zaharrei haizea eman eta zauri zaharrak zabaltzen ditugula, baina ez horixe; bizikidetzak ezin du ahanzturan oinarritu, egizako konkordiak hiru oinarri baino ezin ditu izan: egia, biktimen oroimena eta askatasunaren eta justizia sozialaren ideal demokratikoak»

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak ekitaldiaren garrantziaz hitz egin du “ekitaldi honen bitartez, ahaztuak izan ziren horiei beraien izen-abizenak itzultzeaz gain, egin zuten sakrifizioa ere aitortzen eta balioan jartzen ari gara. Horregatik, ekitaldi hau gure gizartean oraindik irekita dauden zauriak leundu eta sendatzeko aurrerapausoa da. Gaur bizitakoak Memoria Historikoa babestearen garrantzia gogorarazten digu, ez justizia-ekintza gisa soilik, baita gure etorkizuna bakean eta errespetuan oinarrituta eraikitzeko funtsezko zutabe gisa ere”.

Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok hasi du ekitaldia, eta ongietorria eman die bereziki identifikatutako bi pertsonen familiei, eta horien artean, Bittori Zengotitabengoari, identifikatutako muskiztarraren alabari, baita bertaratu diren gainontzeko desagertuen familiei ere, senideak identifikatzeko eta berreskuratzeko itxaropenari eusten dioten guztie. Memoriaren Institutuak harremana du Amorebieta-Etxanoko hilerrian lurperatuta egon zitezkeen desagertuen 67 familiarekin, eta horietatik 56k DNA lagina eman dute dagoeneko, berreskuratutako pertsona guztiak genetikoki identifikatzeko helburuarekin. Horietako asko, 13 familiako kideak, 30 bat lagun guztira hurbildu dira gaurko ekitaldira.

Ekitaldian, Perezagua Batailoiko beste miliziano batzuen senideak ere izan dira, Altun mendian, Barazarko frontean desobiratutakoak eta 2019an familiei itzulitakoak, gaur identifikatutakoen bataloi-kideak. Batailoi komunista hau Barazarreko frontean borrokatu zen 37ko apirilaren hasieran, eta hildako ugari izan zituen. Amorebieta-Etxanoko hilerriko ehorzketak aurkitu ondore, hipotesia da horietako batzuk frontean hildako batailoi horretako milizianoak izan daitezkeela, Cengotitabengoa kasu, edo zaurituta Zornotzako Ospitale Militarrera eraman ondoren hil zirela, Iñiguez kasu.

1937ko udaberrian gertatutakoa hobeto ulertzeko, maiatzaren 18an Amorebieta eta Etxano matxinatuen eskuetan erori baino lehen, eta inguruan gerra nola garatu zen jakiteko, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Museoko zuzendariak hitza hartu du. Bestalde, Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko zuzendari Anton Erkorekak garaiko osasun militarraren antolaketan sakondu du, gerra garaiko ospitale mota desberdinen funtzioa ulertzeko, hala nola Amorebietako Ospitale Militarrarena. Azkenik, Lourdes Herrastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologo eta Amorebieta-Etxanoko hilerriko indusketa-kanpainen arduradunak, azaldu du nola egin diren desobiratze lanak eta nola, aztertu diren berreskuratutako gorpuzkiak, zonaldeko borroka-fronteetatik eta herriko ospitaletik bertatik etorritako borrokalarien gorpuzkiak direla uste den.

Hitzaldi horien ondoren, Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak identifikatutako bi milizianoen gorpuzkiak eman dizkiete familiei. Gorpuzkiekin batera, familiek kasu bakoitzaren txosten xehatua eta Elgoibarko eta Urduñako Duintasunaren Kolunbarioen buru den Iñigo Arregiren «Duintasuna» eskulturaren miniaturazko erreplika jaso dituzte.

Biktimen ohorezko aurreskuaren ondoren, Jaime Iñiguezek, Jaime Iñiguez Nievaren ilobak, eta Jose Angel Zengotitabengoak, Adolfo Cengotitabengoaren bilobak, hartu dute hitza.

Familiei lagundu diete ekitaldi hunkigarri honetan: Saulo Nebreda, Ortuellako alkatea, eta Eduardo Briones, Muskizko alkatea, gaur identifikatutako biktimen jaioterriak; Amorebieta-Etxanoko Udal ordezkariak; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Ion Gambra eta Iñigo Camino, Gogora Zuzendaritza Kontseiluko kideak; Jon Hernández, legebiltzarkidea eta Euskadiko Alderdi Komunistaren ordezkaria; Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, UPV/EHUko Biomics Laborategi Genetikoko teknikariak, Euskal Prospektore Taldea, eta tokiko beste hainbat elkarte batzuetako kideak.

Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko programa

Azken hogei urteotan, Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren 331 biktima berreskuratu ditu, eta horietako 54 identifikatu ahal izan ditu, Gogora Institutuaren Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan. Ekimen honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak, desobiratze lanen eta auzitegi-antropologiaren ardura du, eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoa, DNA laginak kontrastatuz, identifikazio genetikoa egiteaz arduratzen da.