Bihar Montxo Armendarizen “Tasio” ikusiko da Cannes Zinemaldian

0

Montxo Armendarizen Tasio (1984) filmak emango dio hasiera bihar, maiatzak 15, Canneseko Zinemaldiko Classics sailari. Sail horretan, film klasikoak berreskuratzen ditu eta arlo horretako munduko garrantzitsuenetako bat da. «Tasio» film luzea Euskadiko Filmategiak zaharberritu du (4Kn ikusi ahal izango da), Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza ekonomikoari esker.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, «albiste eta aukera bikaina» da Euskadi Basque Country eta euskal kultura kanpoan proiektatzeko. Era berean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu du film luze honen zaharberritzea beste mugarri bat dela kulturgintzan, batetik, film klasikoak zaharberritzeko lan-ildo berri bat irekitzen duelako, eta, bestetik, hainbat eragileren lana aintzatesten duelako.

Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko Filmategiaren, artisten eta hainbat eragileren arteko lankidetza azpimarratu du, film luze honen digitalizazioa ahalbidetu baitute. Horrela, «Tasio» k zinema-aretoetara edo plataformetara itzultzeko aukera izango du, egungo garaietara egokitutako baldintzetan, belaunaldi berriek euskal zinemarentzat garrantzitsua den lan bat ezagut dezaten.

Zaharberritzea

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendarizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta.

Cannes Zinemaldia

Cannes Classics-erako hautatu dute Tasio, besteak beste, Napoleon (Abel Gance, 1927) eta beste film batzuekin batera. Adibidez, Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Los siete samurais (Akira Kurosawa, 1954), Los paraguas de Cherburgo (Jacques Demy, 1964), Loca evasión (Steven Spielberg, 1974) edo Cuatro noches de un soñador (Robert Bresson, 1971). Izan ere, frantziar zinema jaialdiaren sail horrek titulu klasikoak berreskuratzen ditu, eta, arlo horri dagokionez, munduko jaialdi garrantzitsuenen artean dago.

Hitzordu gehiago

Euskadiko Filmategiak ahalegina egingo du euskal zinemagintzako film ikoniko hori zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diren beste hitzordu batzuetan ere proiektatu dadin. Irailean, Donostiako Zinemaldian egongo da ikusgai eta Klasikoak saila zabalduko du, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen saila, hain zuzen.

Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

“Tasio”

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.

Informazio gehiago hemen.