EHUren liburutegiak Euskadiko Liburutegien Bilgunearekin bat egingo du

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmena. Hitzarmenari esker unibertsitateko liburutegia aurrerantzean Euskadiko Liburutegien Bilgunean sartu eta Euskadiko Liburutegi Sistemaren barruan egongo da. Euskadiko Liburutegi Sistema Euskal Autonomia Erkidegoko organo, liburutegi eta liburutegi-zerbitzuen multzo antolatua da eta liburutegi baliabide guztiak hobeto aprobetxatzea du helburu, elementu guztien koordinazioan eta lankidetzan oinarrituta. Bilguneak euskal liburutegi ia guztien ikuspegi bateratua eskaintzen du eta asko errazten du liburuzainen eta ikerlarien lana.

UPV/EHUk gaur egun milioi bat liburuki baino gehiagoko bilduma bibliografikoa gordetzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako egoitzetan. Gaur onartu den hitzarmenaren bitartez Euskadiren Liburutegien Bilgunearen esku jartzen ditu bere titulartasuneko funts guzti horiek. Gaur egun Euskadiren Liburutegien Bilgunea 50 erakundek gehi udal liburutegiek osatzen dute, guztira 3.423.147 erregistro biltzen ditu.

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmena lau urterako da beti ere luzatzeko aukerarekin.