Eusko Jaurlaritzak 14 milioi bideratu ditu ikertzaileen prestakuntza sustatzeko laguntza programetara

0
  • 12 milioi euro Doktoratu aurreko laguntzetara ikertzaileei doktore titulua lortzen laguntzeko eta 2 milioi euro nekazaritza-, arrantza- eta elikagaigintza-sektoreetan ikertzaileen eta teknologoen IKERTALENT 2024 prestakuntza programarako
  • Jaurlaritzak 950.000 eurotan handitu du Udaltzaguntza programa udal titulartasunekoak diren eta ikastetxeak dauden eraikinetan obrak egiteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.

12 MILIOI EURO IKERTZAILEEN PRESTAKUNTZA SUSTATZEKO

Hezkuntza sailaren proposamenez, 2024-2025 ikasturtean Doktoratu aurreko Programan laguntza berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen Agindua onartu du Gobernu Kontseiluak. Ia 12 milioi euroko diru-kopuru globala duen deialdi honek ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten. “Deialdia berri honek iaz abian jarri zen lerro berri bati eusten dio, Doktorego Ondoko Orientazioa izeneko lerroari, eta 650.000 euro bideratzen ditu bertara. Aurreko 2023-2024 deialdiarekin alderatuta, Hezkuntza Sailak %6 handitu du programara bideratutako aurrekontua” adierazi du jarduneko bozeramaileak.

Halaber, IKERTALENT 2024 programarako deialdia onartu da, nekazaritza-, arrantza- eta elikagaigintza-sektoreko zientzia-, teknologia- eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko laguntzak emateko. “Deialdi honek 2.000.000 euro baino gehiago ditu ikertzaileen eta teknologoen prestakuntza sustatzeko eta Euskadiko teknologia-zentroak sartzen dira bertan eta zentro horietan Ikerketa+Garapen+Berrikuntza proiektuak parte hartu ahal izango dute arlo zientifiko-teknologikoetan, merkatuetan, marketinean eta euskal nekazaritzako elikagaien balio-kate osoko enpresa-antolaketan” azaldu du Zupiriak. IKERTALENT programa 2007. urtean jarri zen abian eta ordutik 269 proiektu finantzatu ditu guztira: 125 ikertzaile gazte eta 144 teknologo gazte. Aurtengo deialdi honetan 12 beka eskaintzen dira formakuntzarako eta 10 teknologia teknikarientzat.

UDAL TITULARTASUNEKOAK DIREN ETA IKASTETXEAK DAUDEN ERAIKINETAN OBRAK EGITEKO LAGUNTZAK

Bestalde, hezkuntza sailaren eskutik Udalaguntza 2023 programaren zuzkidura ekonomikoa 950.000 euroan handitzea onartu da. Programa horren bidez, laguntzak ematen zaizkie Euskadiko udalei, udal titulartasunekoak izanik ere, ikastetxeak dituzten eraikinetan obrak egiteko gastuetarako. Zupiriaren hitzetan, “Udalaguntza 2023 programaren deialdia 10 milioi euroko zenbatekoarekin hasi zen azaroan baino gaur zuzkidura ekonomikoa handitzea onartu ondoren, Udalaguntza 2023 deialdiaren zenbateko osoa ia 11 milioi eurokoa da, eta, beraz, laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzun ahal izango zaie”. Programa horri esker, aurreikusten da 395 jarduera lagunduko direla diruz, aurreko ekitaldian baino 60 gehiago. Eta aurtengo deialdiak dakarren berritasun nagusia da, diruz lagundu daitezkeen jardun moten artean tipologia berri moduan ageri direla eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak.

GOBERNU KONTSEILUAN ONARTUTAKO BESTE GAI BATZUK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako beste hainbat gai. Adierazi duenez, Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 21eko hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordea osatu duten pertsonen ordainsariak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak goizean egindako bileran.

Era berean, gaurko bileran argi berdea eman zaio Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargoek lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari, Euskadin Farmazia Jagoleen Sare bat ezarri eta garatzeko; modu honetara, farmazia komunitarioaren asistentzia-dinamikan sendagaien segurtasuna zaintzen lagundu nahi da. Sare honen lehentasunezko jarduera sendagaien kontrako erreakzioen susmoak Zaintza Farmakologikoko Unitateari jakinaraztea izango da. Gainera, arreta eskainiko die txertoei, publizitate-sendagaiei, sendabelarrei, formula magistralei eta sendagai homeopatikoei.

Amaitzeko, kultura sailarekin zerikusia duten hiru gai aipatu ditu Zupiriak.  Alde batetik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak urtero banatzen dituen Gure Artea sarien deialdia onartu da. Aurten ere hiru modalitatetan banatuko dira Gure Artea sariak: Ibilbide artistikoa aitortzeko saria; Sorkuntza-lana aitortzeko saria: eta Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria.

Bigarrenik, nazioarteko lehiaketetan eta maila goreneko estatu mailako emakumezko ligetan parte hartzea sustatzeko 700.000 euroko partida onartu da, iaz baino 100.000 euro gehiago. 2024. urtean egin edo hasten diren eta nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen liga nazionaletan, kategoria absolutuan parte hartzea sustatzera bideratuko da diru hau.

Eta azkenik, jarduneko bozeramaileak aipatu du, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza ekonomikoari esker, Euskadiko Filmategiak zaharberritu duen Tasio filmak emango diola hasiera bihar Canneseko Zinemaldiko Classics sailari. “Gobernu honen ustetan albiste eta aukera bikaina da bihar Cannesen gertatuko dena Euskadi-Basque Country marka eta euskal kultura kanpoan proiektatzeko; digitalizazio honi esker, Tasio- k zinema-aretoetara edo plataformetara itzultzeko aukera izango du, egungo garaietara egokitutako baldintzetan, belaunaldi berriek euskal zinemarentzat garrantzitsua den lan bat ezagutzeko aukera izan dezaten” amaitu du Zupiriak.