Eusko Jaurlaritzak 700.000 eurorekin sustatuko du nazioarteko lehiaketetan eta maila goreneko estatu mailako emakumezko ligetan parte hartzea (Gobernu Bilera 2024-5-14)

0

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak iaz baino 100.000 euro gehiago, guztira 700.000 euro, bideratuko ditu 2024. urtean egin edo hasten diren eta nazioarteko eremua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen taldeko kirolen liga nazionaletan, kategoria absolutuan parte hartzea sustatzera. Aurrekontuan izan den 100.000 euroko igoera emakumeen ligetako dirulaguntzen lerrora bideratuko da.

Gobernu Kontseiluak gaur oniritzia eman dio dirulaguntza deialdi honi. 700.000 euroko diru partida honela banatuko da:

  • Nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzetara 420.000 euro bideratuko dira.
  • Emakumeen talde-kiroletako liga estataletan parte hartzeko dirulaguntzetara 280.000 euro bideratuko dira.

Deialdian jasotzen denez, deialdi honetara aurkeztu nahi duten klub, kirol-elkarte edo erakundeek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

  • Nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta egon beharko dute.
  • Emakumezkoen liga estatalak kategoria absolutuko federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialean sartutako maila gorenekoak izango dira.

Eusko Jaurlaritzarentzat nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzeak berebiziko garrantzia dauka, eta funtsezkoa da euskal kirolak nazioartean presentzia izateko, bai eta kirolaren praktika orokorra bultzatzeko ere. Hori da deialdi honen xedeetako bat. Emakumezkoen kirolak duen garrantziaren isla ere bada deialdia, euskal taldeek emakumezkoen maila goreneko lehiaketetan parte hartzea sustatu nahi du, bai eta kirolaren praktika orokorra ere.