Osakidetzak osasun-profesionaletzako gida berri bat aurkeztu du, genero-indarkeriaren biktima diren seme-alaben aurrean jarduteko

0
  • Tresna honekin erraztu egin nahi zaie osasun-zerbitzuei detekzio goiztiarra aktibatzea, eta, horrez gain, jarraibideak eta jarduketa-protokoloak eman nahi zaizkie, genero-indarkeriako ingurune batean dauden adingabeak hobeto artatzeko eta babesteko

  • Euskadin, 2023an, Osakidetzako larrialdietako eta osasun-zentroetako osasun-profesionalek genero-indarkeriaren biktima diren 2.055 emakume artatu zituzten

Osakidetzak, gaur Bilboko Euskalduna Jauregian egin den «Genero-indarkeriaren biktima diren alabak eta semeak» jardunaldian, Genero-indarkeriaren biktima diren seme-alaben aurrean jarduteko osasun-arloko profesionalentzako gida dokumentua aurkeztu du. Agiri hori adingabeak hobeto artatzeko eta babesteko sortu da, haien ingurunean genero-indarkeriako egoera bat bizi dutenean. Hain zuzen ere, Osakidetzak tresna gisa proposatu nahi du gida hau, genero-indarkeriaren biktima diren seme-alabak artatzen dituzten osasun-profesionalentzat egina, jarduteko jarraibideak eta protokoloak eskura ditzaten.

Osasun-sistema, berez, genero-indarkeriaren kasu asko artatzeko lehen atea da. Euskadin, 2023an, Osakidetzako larrialdietako eta osasun-zentroetako osasun-profesionalek genero-indarkeriaren biktima diren 2.055 emakume artatu zituzten. Horrek esan nahi du % 22,6ko igoera egon dela, osasun-eremuan iaz erregistratutako genero-indarkeriaren zifrekin alderatuta.

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik, jardunaldian bertan, emandako jauzi kualitatiboa aipatu du, ikusita gaur egun adingabeak ere indarkeria horren biktima gisa aitortzen direla eta tratatzen direla; berak esan bezala, “Osasunaren zaintzaileek, helburu horietan, zeregin handiak ditugu”. Sagarduik zoriondu egin ditu bertaratu diren osasun arloko profesionalak egindako lanagatik, eguneroko jarduna aldatu ahal izateko bidean, genero-indarkeriako egoeran dauden adingabeak gehiago ikusarazteko helburuarekin. “Horrela ulertzen dugu Eusko Jaurlaritzan ere, bere politika guztietan berdintasunaren kulturaren sustapena eta genero-diskriminazioaren aldeko borroka zeharka txertatuz”, adierazi du.

Detekzio goiztiarra eta arreta integrala

Goizean zehar egin diren lan-mahaietan parte hartu dutenek kontsultetako gaur egungo errealitatean sakondu dute, bai eta indarkeria-egoera batean dauden adingabe eta nerabeen osasun-ondorioetan ere.

Gainera, hurbiletik aztertu dituzte genero-indarkeriaren biktima diren seme-alabentzako arretak aurrera begira planteatzen dituen erronkak, besteak beste, Osakidetzaren eta Euskadiko sistema soziosanitarioko gainerako kideen arteko koordinazioa.

Bi helburu ditu genero-indarkeriaren biktima diren seme-alabekin jarduteko osasun-arloko profesionalentzako gida berri honek. Batetik, osasun-zerbitzuen detekzio goiztiarra erraztea; horretarako, Osakidetzako osasun-profesionalei beren jarduera propioa eta lankidetza hobetzen jarraitzea ahalbidetuko duten gomendioak eta ezagutza eman zaizkie, biktima horientzako arreta integrala hobetzeko. Eta, bestetik, gomendioak ezartzea pertsona adingabeek pairatzen dituzten indarkeria-egoeretan egin beharreko esku-hartzeen eta laguntzaren inguruan; izan ere, pertsona horiek amaren aurkako indarkeria duten familia-inguruneetan hazten dira.