Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 125 unibertsitate gazte onenen artean dago (zehazki, 124.a da), gaur argitaratu den THE (Times Higher Education) rankingaren 2024ko edizioan. Ranking horrek munduko goi mailako hezkuntzaren berri ematen du 1971z geroztik, eta bere sailkapenerako kontuan hartzen ditu, besteak beste, irakaskuntza eta ikerketaren kalitatea, nazioartekotasuna, jakintza transferitzeagatik eskuratutako baliabideak eta itzal handiko aldizkarietan izandako aipamenen indizea.
Times Higher Education Young University Ranking delakoak irizpide horiekin aztertzen ditu munduko unibertsitate gazteak, alegia, 50 urte baino gutxiago dituztenak. UPV/EHU Espainiako lehenengo hiru unibertsitateetako bat da, Kataluniako Pompeu Fabra eta Rovira i Virgili unibertsitateekin batera. Aurtengo edizioan euskal unibertsitate publikoaren eleaniztasuna azpimarratu du astekariak, euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen baititu ikasketak, “ingelesaren presentzia gero eta handiagoarekin. Euskal Herriko Unibertsitateak titulazioen sorta aberats bat eskaintzen du: zientzia esperimentalak eta ingeniaritza nahiz giza zientziak, osasun zientziak, ekonomia, artea eta arkitektura”. Ehun eta hogeita laugarren postu horretara igo izana oso aurrerapen nabarmena da, aurreko edizioan Euskal Herriko Unibertsitatea 251-300 tartean kokatu baitzen. Sailkapeneko buruan Nanyang Unibertsitate Teknologikoa dago, Singapurrekoa.
THE rankingean 200 unibertsitate gazterik onenak aurre-sailkatzen dira, puntuazioaren arabera. Gero, 50 unibertsitateko tarteak ezartzen dira, 600eraino. Tarte horietako bakoitzaren barruan unibertsitateak hurrenkera alfabetikoaz agertzen dira.
UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak oso ontzat jo du nazioarteko ranking garrantzitsuetako batean lortutako igoera hau, are gehiago kontuan izanda “lehia ikaragarri handiko espazio akademiko bat” dagoela, “non globalizazioa mugak lausotzen ari den eta ikasleak, batez ere graduondoko goiko mailetan, gero eta zorrotzagoak diren erakundea aukeratzeko orduan”. Ferreirak gogoratu du, halaber, UPV/EHU 500 unibertsitate onenen artean dagoela Shanghaiko rankingean, izen oneneko sailkapena munduan. “Euskal unibertsitate publikoak nazioartekotasun maila handia lortu du eta gero eta izen hobea dauka akademia eta ikerketa arlo garrantzitsuenetan. Gure helburuetako bat da gure unibertsitate-komunitateak garatzen duen prestakuntza akademikoaren, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren kalitate altua hobeto ikusaraztea. Edozelan ere, uste dugu gure kokapen erlatiboa hobe dezakegula eta hobetu egin behar dugula, eta horretan jarraituko dugu lortu arte”.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo esteka honetara:
https://www.timeshighereducation.com/world-university-rankings/2024/young-university-rankings