-
Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa erreferentea da estatuan eta nazioartean, eta partaidetza-tasa handienetako bat du: % 72
-
Hasierako faseetan dauden 10 tumoretik 7 detektatzen ditu, eta, horri esker, biziraupen-indize handiagoa ahalbidetzen du eta ez hain oldarkorrak diren tratamenduak aplikatzen ditu
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bide-orri bat dute kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 50-74 urte bitarteko euskal herritar guztiengana hedatzeko, eta horrek balantze positiboa ekarriko du kostu/eraginkortasunari, efizientziari eta ekitateari dagokienez.
Euskadi aitzindaria izan zen 2009an kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa abian jartzen, eta 2013an 50-69 urte bitarteko euskal biztanle guztiengana iristea lortu zuen; helburu hori lortu zuen lehen autonomia-erkidegoa izan zen. Izan ere, gaur egun, programak erreferente izaten jarraitzen du, % 72ko parte-hartzearekin —Estatuko eta Europar Batasuneko parte-hartze handienetako bat—.
Duela 4 urtetik hona, Euskadin 70 urteko pertsonei ere eskaintzen zaie koloneko minbizia bahetzeko programan parte hartzeko aukera. Gainera, protokoloak indartu dira, eskaintza handitu da eta zirkuituak berrantolatu dira. Neurri horiei esker —Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak pandemiaren ondorioei erantzuteko hartutakoak—, programa, gaur egun, xede diren biztanle guztiengana iristen da.
PREBENTZIOA ETA DETEKZIO GOIZTIARRA
Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programari esker, abian jarri zenetik 4.519 tumore gaizto detektatu dira, horietako % 71 hasierako estadioetan, eta horrek programan parte hartzen duten pertsonen artean % 95ek biziraupena bost urte luzatzea ekarri du. Gaur egun, urtero 50 eta 70 urte bitarteko 300.000 pertsonek batez beste jasotzen dute proba egiteko gonbitea, % 72ko partaidetzarekin eta kasu positiboetan kolonoskopiekiko % 91ko atxikipenarekin.
Datuek prebentzio-politiken garrantziaren berri ematen dute, Osakidetzak egindako detekzio goiztiarreko programa horien bidez, eta minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen arrisku-faktore nagusiak saihesteko bizi-ohitura osasungarriak sustatzera bideratutako jardueren bidez.
Funtsezkoa da, halaber, detekzio goiztiarra, erabakigarria baita koloneko eta ondesteko minbiziak eragiten dituen kasuen eta heriotzen kopurua murrizteko. Izan ere, Euskadin minbizia ohikoena da, nahiz eta azken bi hamarkadetan intzidentzia eta heriotza-tasa nabarmen jaitsi diren bi sexuetan.
Urtero detektatzen diren kasuen kopurua gizonen artean emakumeen artean baino ia bi aldiz handiagoa bada ere, emakumeen parte-hartzearen ehunekoa % 74 da, eta gizonena, berriz, % 68. Hori dela eta, Osasun Sailak programan oraindik sartu ez diren pertsona guztiei parte hartzeko deia egiten die, horrek haien egungo eta etorkizuneko osasunerako eta bizi-kalitaterako duen garrantzia kontuan hartuz.