Iñigo Urkulluk: «Adimen artifizialaren ezarpena azkartu behar dugu gure industria indartzen eta Euskadi nazioarteko erreferente gisa kokatzen jarraitzeko»

0
  • Adimen Artifizialaren esparruan urratsak egiteko, Jaurlaritzak duela bost urte jarri zuen martxan Basque Artificial Intelligence Center-a
  • BAIC-ak helburu du teknologia berri honek eskaintzen dituen aukerak identifikatu eta baliatzea gizartearen zerbitzura jartzeko

BAIC -Basque Artificial Intelligence Center-ek antolatutako Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen Kongresuaren irekieran Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du beharrezkoa dela Adimen Artifizialaren ezarpena azkartzea, euskal industria sustatzen eta Euskadi arlo horretan nazioarteko erreferente gisa kokatzen jarraitzeko. Urkullu irekiera ekitaldian izan da, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, adimen artifiziala etorkizuneko erronka nagusietako bat da, eta  erronka guztiek bezala “aukera berriak ekarriko ditu”- baieztatu du. Horregatik, azpimarratu du beharrezkoa dela erronka honi aurre egiteko eta aurre hartzeko lankidetza publiko-pribatutik jardutea, “denok gure herriaren aurrerabidearen alde lan egiteko”- esan du.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak aspaldi ikusi zuen Adimen Artifizialaren esparruan urratsak egitea ezinbestekoa zela, eta hori dela-eta, duela bost urte, Basque Artificial Intelligence Center-a jarri zen martxan, euskal enpresa ehunarekin batera, Euskadi Adimen Artifizialaren esparruan aurrerapenaren buru izateko helburuarekin.

Lehendakariaren hitzetan, “zentro honek berrikuntza, garapen teknologikoa eta praktika etikoak sustatzen ditu enpresa-lehiakortasuna eta gizarte-ongizatea sustatzeko; teknologia berri honek eskaintzen dizkigun aukerak identifikatzen eta baliatzen ditu gure gizartearen zerbitzura jartzeko, eta zentzu horretan, Kongresu hau mugarri bat da » – azpimarratu du Lehendakariak.

Azkenik, Iñigo Urkulluk dibulgazioan jarri du azpimarra eta esan du beharrezkoa dela BAICek egindako lana ezagutzera ematea oraindik ere gizartearen zati batek Adimen Artifiziala mehatxutzat duelako. “Horregatik, funtsezkoa da informazioa, herritarrek ulertu dezaten zeinen beharrezkoa den berrikuntzaren eta garapenaren aldeko apustua egiten jarraitzea gure bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko”- amaitu du.

Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen Kongresua

Kongresua adimen artifizialaren arloko ezagutzak, joerak eta esperientziak trukatzeko elkargunea izango da, Euskadi arlo horretako erreferente gisa sendotzeko. Adituak, akademikoak eta enpresariak bilduko ditu Euskadin AAren inplementazioa bultzatzeko helburuarekin, BAICek aurrerapen teknologikoarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa berretsiz.