Oskitz Saizar, Saizarlaneko CEOa, eta Gaizka Saizar, lantegiko arduraduna
Oiartzungo ETE bat da Saizarlan, eta proiektu berritzaile batean ari da lanean, kartoizko kaxen plastikozko heldulekuak biodegradagarri bilakatzeko. Plastikoaren injekzioa egiten du enpresak, eta aipatutakoa da fabrikatzen duen produktuetako bat. Horrez gain, automobilgintzarako piezak, etxetresna elektrikoetarako piezak, eraikuntzarako piezak, luminaria, tresnen kirtenak… ekoizten ditu. Informazio hau “Zutaz mintzo gara” ekimenaren bidez sortu da. SPRI taldeak Euskadiko enpresei proiektuak bere plataformaren bidez ezagutarazteko aukera eskaintzen die.
Gaur egungo arduradunen aitak eratu zuen enpresa, 1990ean. Oiartzungo haren etxe azpian muntatu zuen tailerra, plastikoaren injekziora bideratuta. 1996an egungo kokapenera mugitu zen, Oiartzunen bertan. “2000. urtean bost makina berritu genituen eta 2002an bi materialeko makina bat ekarri genuen, aldi berean bi material injektatzen dituena; teknologia hori zuen lehengo makinetako bat izan zen Gipuzkoan”, aipatu dute Oskitz Saizarrek, Saizarlaneko CEOak, eta Gaizka Saizarrek, lantegiko arduradunak.
2003an elikadura zentralizatua instalatu zuten, makinei lehengaia modu automatikoan emateko.
2016a izan zen hurrengo mugarria, beste hiru makina erosi baitzituzten. Hala, lantegiak bederatzi makina ditu guztira. “2017an ikusmen artifizialeko 3 kamera jarri genituen makinetako batean, piezak bakarka kontrolatzeko, eta 2023an 9 makinetatik sei berritu ditugu”.
Enpresak, batez ere, sektore hauentzat egiten du lan: automobilgintza, sektore medikoa, luminariak, erremintak eta igerilekuetarako iragazkiak. “Injekzio estandarra egiten dugu automobilgintzako piezetan, eta bi materialeko injekzioa egiten dugu bihurkin, zizelen eta karraken kirtenetan. Erremintentzako kirten mota oro lantzen dugu”.
Kartoizko kaxentzako plastikozko heldulekuak daude eskaintzen dituzten produktuen artean. “Produktu propioa” dira, eta eurek merkaturatzen dituzte. “Espezialistak gara egurraren, metalaren, oihalen, altzairuaren edo plastikozko beste pieza batzuen gainean injektatzen, eta 20 urtetik gorako esperientzia dugu 2 eta 3 materialeko piezak fabrikatzen”.
Enpresaren ezaugarri berezi bat haren berrikuntza-prozesua da. Izan ere, material biodegradagarriak erabiltzen dituzte kartoizko kaxen plastikozko heldulekuak fabrikatzeko. Erabilera bakarreko produktua da, eta erabili ondoren biodegradatzea da Saizarlanen helburua. Horretarako, algaz eta olioz osatutako plastiko biodegradagarri bat erabiltzen dute, egun bakar batean degradatzen dena. “Materiala garatzeko prozesuan gaude, helduleku biodegradagarriak merkaturatzen hasi aurretik. Uste dugu oso garrantzitsua izan daitekeela pieza horiek sortzen dituzten hondakinak murrizteko”.
Saizarlanek badaki lehiakortasun handiko merkatu batean egiten dutela lan. “Oiartzunen bertan, plastikoaren injekzioa egiten duten zazpi enpresa daude”. Urtean 900.000 euro inguru fakturatzen dituzte, eta bederatzi pertsonak lan egiten dute bertan. Negozioaren zatirik handiena Euskadin dago.
I+G arloak presentzia handia du enpresan, eta azken urteetan inbertsio handia egin dute makinerian, automatizazioan (robotak jarri dituzte) eta plastiko biodegradagarriz egindako heldulekuak garatzeko proiektuan.
Etorkizuneko erronka hiru errelebotan lan egitea da, ekoizpena ez gelditzeko eta “murrizketekin eta denbora galtzearekin lotutako arazoak saihesteko”. Era berean, bezero berriak erakarri nahi ditu enpresak; bereziki, erremintaren sektorean. “Esperientzia handia dugu sektore horretan, eta merkatu garrantzitsua da Euskadin. Dagoeneko erremintaren sektoreko enpresa garrantzitsuekin lan egiten dugu, hala nola Gove, Bellota eta SNArekin”.
SPRI Taldearen Hazinnova programaz baliatu zen Saizarlan, “merkatu berrietarako eta marketinerako, eta enpresari ikusgarritasuna emateko. Enpresaren irudia modernizatzen ere ari gara”.
Azken bi urteetan inbertsio handia egin dute sei makina elektriko erosi eta robotaren bidez automatizatzeko. “Horrek lehiakideengandik bereizten gaitu. Ezaugarri elektriko horiek zehaztasuna eta errepikakortasuna handitzen dituzte piezen fabrikazioan. Piezak berdinak izatea ziurtatzen duzu, zarata gutxiago sortzen duzu, askoz eraginkorragoak dira eta saihestu egiten dituzu makina hidraulikoek behar dituzten iragazkiak eta olioa; ondorioz, askoz errazagoa da mantentzea”.