Adin goiztiarretan hipertentsioa diagnostikatuta dutenek gaixotasun kardiobaskularrak izateko probabilitate handiagoa dute

0

MAIATZAREN 17A. HIPERTENTSIOAREN MUNDU EGUNA

  • Biosistemakek, Biogipuzkoak eta Osakidetzak egindako azterketatik ateratako ondorio nagusietako bat da. Azterketa horretan, hamarkada batean 25.000 pertsona baino gehiagok izan duten bilakaeraren jarraipena egin da

Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuak, Biogipuzkoako eta Osakidetzako ikertzaileen eskutik, hipertentsio arteriala diagnostikatuta duten 45 urtetik beherako herritarrek gaixotasun kardiobaskularrak jasateko probabilitate handiagoa dutela zehaztu du. Hala jakinarazi du Osasun Sailak ohar batean, maiatzaren 17an ospatzen den Hipertentsioaren Mundu Egunaren bezperan.

2023an amaitu zen azterketa horrek hipertentsio arterialaren diagnostiko berriek gertaera kardiobaskularretan eta hilkortasunean duten eragina neurtu du, hamarkada batean 25.000 euskal herritar baino gehiagoren jarraipena eginez.

Ateratako ondorio nagusien arabera, hipertentsioa gertaera kardiobaskularren gorakadarekin lotuta dago, eta gorakada hori hipertentsioa diagnostikatzeko adinaren araberakoa da: 45 urtetik beherako pazienteak dira arrisku handiena dutenak, eta, ondoren, 45-54 urteko pazienteak; 65-74 urte bitarteko pazienteak dira arrisku txikiena dutenak. Hala ere, ez da loturarik ikusi hipertentsioaren diagnostiko berri baten eta edozein kausak eragindako hilkortasunaren artean.

Ikerketa-taldeak, Amaia Bilbao González (Bilbo-Basurtoko ESIko ikertzailea eta Biosistemakeko kidea) buru zuela, 2010ean eta 2011n hipertentsioa lehen aldiz diagnostikatu zieten eta aurretik gertakari kardiobaskularrik ez zuten 18 urtetik gorako 12.600 paziente identifikatu zituen. Paziente horiek hipertentsio-diagnostikorik eta aurretiko gertaera kardiobaskularrik ez zuten pazienteekin parekatu zituzten adinaren, sexuaren eta osasun-zentroaren arabera. Gainera, hainbat aldagai hartu ziren kontuan, hala nola maila sozioekonomikoa, diabetesa, hiperkolesterolemia eta erretzeko ohitura. Paziente guztiei 10 urtez jarraipena egin zitzaien gertakari kardiobaskularren agerpena edo heriotza ebaluatzeko.

Azterketa horren emaitzek paziente hipertentsiodunekin prebentzio- eta jarraipen-neurriak hartzea babesten dute, bereziki arrisku handiena duten adin-taldeetan, horrela, gertakari kardiobaskularrak agertzea saihesteko.

GAIXOTASUN KRONIKO OHIKOENA

Hipertentsio Arteriala (HTA) da gaixotasun kroniko ohikoena. Prebalentzia %10,9koa da emakumeentzat eta %11,6ekoa gizonentzat Euskadin, eta arterietako odol-presioaren zifrak etengabe igotzen direlako nabarmentzen da. Klinikoki esanguratsua den hipertentsiotzat hartzen da 140 mmHg-tik gorako presio sistoliko jarraitua edo 90 mmHg-tik gorako presio diastoliko jarraitua.

Pertsona bati HTA diagnostikatu ondoren, jarraipen pertsonalizatua egiten da Lehen Mailako Arretan, batez ere erizaintzako profesionalen eskutik. Printzipioz, presio arterialaren zifrak ondo kontrolatuta eta arrisku kardiobaskular txikia dituen pertsona batek nahikoa du sei hilean behin kontsultatik pasatzea eta urteko analitika bat egitea. Arrisku handia dagoen edo kontrol eskasa egiten den kasuetan, kontsultak ohikoagoak dira.

Profesionalek egindako jarraipenaz gain, garrantzi berezia du prebentzioak hipertentsio arterialari aurre egiteko eta haren ondorioak arintzeko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gomendatzen du ez erretzea, elikadura kontrolatzea, gatzaren kontsumoa murriztea, aldizka ariketa fisikoa egitea, alkoholaren kontsumoa mugatzea eta estresa gutxitzea, baita medikuak agindutako sendagaiak hartzea ere.