Lehendakaria ziberdelituen aurrean adi egotearen alde mintzatu da, gizartean alarmarik bultzatu barik, “EZ baitago horretarako arrazoirik”

0
  • Iñigo Urkulluk Fortinet Security Day Bilbao jardunaldia ireki du; ekimen honek, BECen, zibersegurtasunaren arloko 350 profesional baino gehiago bildu ditu
  • “Aurrera egiten eta hobetzen jarraitu behar dugu. Funtsezkoa da baliabide teknikoetan eta giza baliabideetan inbertitzen jarraitzea” −adierazi du

Lehendakariak ziberdelituen aurrean erne egon behar dugula adierazi du, gizartean alarmarik sortu gabe, “EZ baitago horretarako arrazoirik”. Gaur goizean, Iñigo Urkulluk Fortinet enpresak Barakaldoko BECen antolatu duen Security Day Bilbao jardunaldiari hasiera eman dio, kasu honetan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak lagunduta bertaratu da Lehendakaria. Topaketa honek zibersegurtasunean espezializatutako IT (Informatika eta Teknologia berriak) sektoreko 350 profesional baino gehiago elkartu ditu.

Bere mintzaldian, Lehendakariak berriz ere gogora ekarri du azken zazpi urteetan ziberdelituak lau aldiz handitu direla, eta azken urtea soilik kontuan hartzen badugu, ia-ia % 40 hazi direla.

“Datu horiek ikusita, ezinbestekoa da erne egotea, baina ez dugu gizartean alarmarik bultzatu nahi, EZ baitago horretarako arrazoirik” −adierazi du−, eta, Lehendakariaren ahotan, garrantzitsuena da “errealitatea ezagutzea, prestatuta egotea, sortzen diren egoeren aurrean erantzunak garatzea, eta erantzun horiek ebaluatu eta hobetzea”.

Zibersegurtasuna hobetzeko, Euskadik duela zazpi urtetik bere egin duen erronka berretsi du, eta, adibide gisara, iaz sortutako Cyberzaintza aipatu du, “beste mugarri bat borroka honetan”.

“Aurrera egiten eta hobetzen jarraitu behar dugu. Gizarteak segurtasuna eta zibersegurtasuna behar ditu. Funtsezkoa da baliabide teknikoetan eta giza baliabideetan inbertitzen jarraitzea. Horregatik, oso eskertuta gaude profesionalen arteko topaketa honengatik” –adierazi die, bukatzeko, jardunaldira bertaratu direnei.