Kopako txapeldunak eta Klubean partida gehien zuzendu dituen entrenatzaileak marka handitzen jarraitu eta 9. denboraldia emango du lehen taldeko aulkian, seigarrena Europan
Ernesto Valverderen ibilbideak aurrera darrai. Athletic Clubeko entrenatzaileak, Kopako txapelduna eta lehen taldea zuzendutako neurketa kopuruan historiako lehena denak, denboraldi baterako luzatu du bere lotura, bederatzigarrena bere ibilbide zuri-gorrian eta hirugarrena Jon Uriarteren lehendakaritzapean. Talde teknikoaren jarraipena barne hartzen duen akordioa ostiral arratsaldean sinatu da San Mamesen agintari nagusiarekin eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiarekin, lekuko gisa.
Gasteiztarrak seigarren aldiz sailkatu du Kluba Europan, eta bosgarren aldiz zuzenduko ditu lehoiak txapelketa kontinentalean. Hala, 400 partida ofizial baino gehiago jokatuko ditu Athleticekin hurrengo denboraldian, 397 norgehiagokarekin geratuko baita aurtengo sasoiaren amaieran. Aurrelari gisa jokatu zituen neurketak gehituz gero, 585 norgehiagokaz ari gara, eta zifra hori Jose Angel Iribar (668) eta Piru Gainza (636) bezalako mitoek soilik gainditzen dute. Orotara, 21 urte daramatza Klubaren zerbitzura.
Bere zenbakietatik eta emaitza ukaezinetatik harago, Valverderen meritu nagusia egungo Athletic San Mamesen erasorako anbizio eta indar handiko talde bihurtzea izan da, non porrot bakarra jaso duen 21 partidatan, Real Madrid txapeldunaren aurkakoa lehen jardunaldian. Horrela, gizonezkoen lehen taldea esku onenetan mantenduko da lau lehiaketa izango dituen hurrengo denboraldiari begira, baina hurbileko helburua ligako bosgarren postua geratzen diren bi jardunaldietan finkatzea da.
Teknikari gasteiztarrak oso pozik hartu du kontratua berritzearen albistea: «Ilusio berria da Athletic berriro urtebete zuzendu ahal izatea, aurretik izango ditugun zalantza eta ilusio guztiekin. Aurtengoa urte berezia izan da, ezberdina, historikoa ere bai. Datorrena, zailtasun handiagokoa izatea espero dugu, lehiaketa gehiago daudelako, baina horiek jokatzeko sekulako gogoa dugu; izan ere, entrenatzaileok eta Athleticeko kide garen guztiok denboraldi berria hasteko eta proiektu honekin jarraitzeko dugun grinarekin eta puntu horrekin, buelta berri bat ematen eta Klub hau handiago bilakatzen saiatuko gara«.
Esker oneko hitzak utzi ditu bere bihtzeko taldearentzat: «Eskertu egiten dut, futbola nolakoa den badakigulako, eskakizun-maila zein den badakigulako eta berriro nigan konfiantza izatea logikoki gustatzen zaidan zerbait delako, hau nire Kluba delako. Aldi berean, erantzukizun handia da nigan eta Lezaman egunez egun lan egiten laguntzen didan jende guztiarengan jartzen duten konfiantza guztia itzultzeko. Funtsezkoa da niretzat lan-giro hori eta ardura handia gure zaleekiko. Egunero etorri behar dugu San Mamesera, irabazten saiatzera, joko bat egiten saiatzera, jendeak bere burua identifikatu dezan eta zelai guztietara neurri on bat emanez joan dadin. Gutxienez, jende gehiago athleticzale bilakatzen joatea«.