Alberto Alberdi euskal ekonomiari buruzko doktore-tesi onenaren II. Sarirako deialdia egin du Eusko Jaurlaritzak

0

Gobernu Kontseiluak Alberto Alberdi doktore-tesi onenaren II. Sariaren deialdia onartu du gaur. Sari hau bi urtean behingoa da, eta Paula Martínez Sanchis izan zen 2023ko lehenengo edizioaren irabazlea. Deialdi horretan 11 tesi aurkeztu zituzten.

2020ra arte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde izan zenaren izena darama sariak, bere ibilbidean egindako zerbitzu publikoaren printzipioak eta balioak aintzatesteko. Alberto Alberdiren karrera profesionalak bildu egiten zuen, lankideen begiruneaz eta aintzatespenaz gain, zerbitzurako bokazioa eta euskal ekonomia eraldatzeko eta, aldi berean, bidezkoagoa eta ekitatiboagoa izateko haren analisi- eta lan-ahalmen nekaezina.

Halaber, Sari hau tresna egokitzat jotzen da gazteei euskal ekonomiaren ezagutzan sakontzeko eta ikasteko pizgarriak emateko, eta ikertzaile gazteei Alberto Alberdiren lidergoak markatutako ibilbide profesionala jarrai dadin gonbita egiteko.

Horrekin batera, deialdi honek helburu hauek ditu, besteak beste: ikertzaile potentziala azaleratzea, esparru ekonomikoan talentua eta interesa duten gazteak aurkitzea, beren ikerketa-ibilbide hasiberria erraztea, ekonomia aplikatuan ikerketa bultzatzea eta gure gazteen gaitasun intelektuala eta talentua baliatzea euskal ekonomia hobetzeko.

Sari hau erregulatzen duten oinarrien arabera, edozein unibertsitatetan defendatu eta onartutako doktore-tesiek parte hartu ahal izango dute saria emateko prozeduran, betiere euskal ekonomiari buruzkoak badira, 2022ko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epea amaitu arteko epean (deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epean).

Sariak 6.000 euroko konpentsazio ekonomikoa dakar egilearentzat, haren tesiak puntuaziorik handiena lortzen badu epaimahai kalifikatzaileko kideen artean, baita ikerlana eta haren ondorio nagusiak argitaratzea eta hedatzea ere.