Dekretua, Gasteizen Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutu berria sortzekoa

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gasteizko Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutua (IES Salburua BHI) sortzen duen Dekretua onartu du gaurko bilkuran.

Ikastetxe berria IES Salburua BHI izenarekin sorturik eta hura hartuko duen eraikineko obrak amaitu ondoren, institutu berriak 2024-2025 ikasturtearen hasierarekin ekingo dio hezkuntza-ibilbideari, datorren irailean, eta DBHko lehen mailako 6 unitate (edo talde) hartuko ditu. Talde horiek Salburua HLHI eta Errekabarri HLHI ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntza amaitzen duten ikasleek osatuko dituzte, Salburua BHI berriari atxikitako erreferentziazko ikastetxeak baitira horiek.

Horrela, Salburua BHI pixkanaka joango da hazten, urtez urte, eta maila bat gehiago gehituko zaio ikasturte bakoitzean, Batxilergoko bigarren mailara iritsi arte.

Ikastetxe berriak Gasteizko Salburua auzoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren premiei erantzungo die. Azken urteotan Arabako hiriburuan hedapen eta biztanleen hazkunde handienetako bat ezagutzen ari den egoitza-barrutia da Salburua. Horretarako, Hezkuntza Sailak 18 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Salburua BHIren eraikin berria eraikitzeko, Alba kaleko 2. Zenbakian kokatua.