Eusko Jaurlaritzak 2024ko Euskadi Literatura Sarien deialdia onartu du gaur

0

Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen ditu Euskadi literatura-sariak aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzeko helburuz, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko. Literatura sariak zazpi modalitatetan banatzen dira:

  • Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
  • Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
  • Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
  • Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak (poesian izan ezik). Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.
  • Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, aurretik liburu moduan argitaratu gabea.
  • Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako ez-fikziozko lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
  • Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako ez-fikziozko lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.

Modalitate bakoitzari dagokion epaimahaiko kide bakoitzak hautagai bat edo bi aurkeztuko ditu sarietarako. Saridun bakoitzak 18.000 euro eta Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute. Udazkenean ezagutuko dira saridunak.