Hiriko bisita gidatuen taldeak 25 pertsonara mugatuko dituen araudia onartu da

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Orixeko fatxada, La Caixa Fundazioaren programak

Tokiko Gobernu Batzarrak jarduera gidatu turistikoa Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea onartu du, eta ezartzen du bisita turistiko gidatuak egiteko beharrezkoa den bide publikoaren okupazioak ez duela baimenik behar, aldez aurreko jakinarazpena baizik. Honetaz gaib, komunikazio hori aurkezteko beharrezkoak diren baldintza eta formularioa onartu dira.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, «Udalari dagokio hiriko bizi-kalitatea eta bizikidetza bermatzea, eta neurri hau horretarako da. Honi esker, lehen aldiz bide publikoan gertatzen diren mugimenduei buruzko datuak izango ditugu, eta, horrela, gai horri buruzko erabaki gehiago eta hobeak hartu ahal izango ditugu«.

Hemendik aurrera, hiriko bide publikoan bisita gidatuak egin nahi dituzten turismo-gidarien enpresa guztiek Erantzukizunpeko Adierazpen bat egin beharko dute – online modu errazean egin ahal izango da, ziurtagiri digitalaren bidez-. Adierazpen horretan, enpresak edo gidak konpromisoa hartzen du jarduera egiteko baldintza batzuk betetzeko, besteak beste, 25 pertsonatik gorako taldeak ez gidatzeko konpromisoa.

Goiak azpimarratu duenez, emandako datuei esker, «jakingo dugu zenbat gidari dauden, nondik datozen, bertakoak edo atzerritarrak diren, nola jarduten duten… Lehenengo abiapuntua da, eta udaren eta urtearen amaieran, hartutako neurriari buruzko balorazioa egingo da«.

Donostiak lanean jarraitzen du herritarren eta bisitarien arteko bizikidetza bultzatzeko; jarduera turistikoan kutsadura akustikoa arautu duen lehen euskal hiria izan da, duela hilabete batzuk megafoniaren erabilera debekatu baitzuen, eta bisita gidatuetarako gomendioen dekalogo bat ere argitaratu du. Orain, beste urrats bat eman da erregulazio-ildo horretan, bisitari-taldeak gehienez 25 lagunera mugatuta.

Orixeko fatxada

Tokiko Gobernu Batzarrak Orixe Zuloaga HLHIko fatxada nagusiaren zaharberritze lanen kontratazio espedientea onartu du. Lizitazio aurrekontua 376.187 eurokoa da, eta egikaritze epea 6 hilabetekoa.

Euskadiko GGKEen Koordinakundearen dirulaguntza

Tokiko Gobernu Batzarrak Euskadiko GGKEen Koordinakundeari 34.150 euroko dirulaguntza zuzena ematea onartu du, Udalaren 2024-2026 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan.

La Caixa Fundazioaren programak

Tokiko Gobernu Batzarrak La Caixa Fundazioaren eta Donostiako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen berria onartu du, adinekoentzako programak garatzeko.

Jardueren eta proiektuen proposamena La Caixa Fundazioaren Adinekoen Programaren jarduera-ildoetan sartzen da:
• Osasun fisikoaren mantentzea eta hauskortasunaren prebentzioa
• Garapen pertsonala sustatzea
• Gaitasun digitalak hobetzea
• Gizarte-partaidetza eta boluntariotza
• Sormena eta gogoeta

Hitzarmen horrek ez dio kosturik ekarriko Udalari, eta Gizarte Ekintza departamentuaren jardun arloetako baten barruan dago: adinekoentzako arreta eta beraien ongizatea sustatzea, gizartean integratu eta parte har dezaten bultzatzeko.