Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Kooperaren apustua slow fashion eta eraldaketa sozialaren alde

0

2024ko maiatzaren 21ean, Gobernu Kontseiluak akordio-proposamen bat onartu zuen, Koopera Servicios Ambientales, S. Coop. sozietateari 200.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematekoa, merkataritzako berrikuntzaren barruan, eraldaketa sozialean oinarritutako proiektu berritzaile bat aurrera eramatera bideratua.

Dirulaguntza honen helburu nagusia gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako enplegua sortuko duen eta ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatuko dituen proiektu bat gauzatzea da, bigarren eskuko arropa erostea benetako aukera gisa nabarmenduz. Gainera, zero kilometroaren kontzeptua inplementatzen du, CO2 emisioak minimizatzeko; zero hondakinaren sistema bat, osagaiak bereizi eta birziklatuz; eta autokudeaketaren esperientzia integral bat, kontsumo arduratsu baterako. Metodologia horrek bezeroa balioa sortzeko prozesuaren erdigunean jartzen du, produktu baten diseinuan parte hartzen duen bezero batek produktua erosteko aukera gehiago dituelako printzipiotik abiatuta.

Proiektuaren ardatza egun Bilboko erdigunean dagoen Fernández Campo kaleko denda eraldatzea da. Saltoki hau bere bezeroen eboluzioaren lekuko izan da. Bigarren eskuko arropen kontsumitzaile tradizionalari ꟷetorkinak eta gizarte-klase desfaboratuak besteak besteꟷ kontsumitzaile gaztearen profil berri bat gehitu zaio, bigarren eskuko arropa nahiago duena, ez bakarrik bere prezioagatik, baita bere kalitateagatik ere.

Saltoki berrian hainbat ekimen sustatuko dira, tartean dendan bertan dohaintzak egitea, birmoldatzea, birziklatzea, upcyclinga, trukea, zero hondakina, eta produktuen erakusketaren birdiseinua zirkuituarekin, IKEA erara. Hori guztia gazteentzako gune erakargarri batean egingo da, erosketa jasangarria sustatuko duena eta jarduera osagarriak eskainiko dituena, esaterako tailerrak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak.

Proiektu honek hiru eraldaketa garrantzitsu batzen ditu. Lehenik eta behin, soziala, lanpostu berriak sortuz eta tokian bertan konponketak eginez, denda kudeatzeaz eta birziklatze-zirkuituaz gain. Bigarrenik, ingurumena, ekonomia zirkularra sustatu nahi duena hondakinen ekoizpenean eta deuseztapenean kutsadura gehien sortzen duen sektoreetako batean, slow fashionaren aldeko apustua eginez. Eta, hirugarrenik, kontsumo-ohitura berriei erantzuten dien ekonomia. Izan ere, gero eta ohikoagoa da jantziak berrerabiltzea, konpontzea eta pieza berriak sortzea erabilitako arropetatik abiatuta.

Proposamen hau Merkataritza 2030 estrategiaren berrikuntzarako hubaren esparruan dinamizatzen ari diren proiektuen barruan kokatzen da. Bestalde, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Koopera Servicios Ambientales S. Coop.ek espero dute proiektu pilotu honek denda eraldatzea ez ezik, eredu bat izatea etorkizunean jasangarritasunaren eta eraldaketa sozialaren aldeko ekimenak gauzatzeko.