Lehendakariak ziurtatu du euskal kooperatibismoak inbertitzen, hazten eta enplegua sortzen jarraitzeko helburuarekin eusten diola etorkizunari

0
  • «Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, talde-lanaren, lankidetzaren eta elkarlanaren balioak ordezkatzen dituzue; eta balio horiei esker zarete erreferente nazioartean”– adierazi du Urkulluk

Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren Batzar Orokorraren irekieran, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du Konfekoopek inbertitzen, hazten eta enplegu-aukerak sortzen jarraitzeko ilusioarekin eta anbizioarekin heltzen diola etorkizunari.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, momentu onean gaude, testuingurua baikorra da eta unea egokia proiektu berriak bideratzeko eta kooperazioaren balioak gure gizartean sustatzen jarraitzeko: «talde-lana, lankidetza eta auzolana dira euskal kooperatibismoaren ardatzak» – adierazi du, «eta balio horiei esker da erreferente nazioartean euskal kooperatiba-eredua” -azpimarratu du Urkullu.

Egungo ikuspegia baikorra baldin bada ere, Lehendakariak gogora ekarri ditu azken hamarkadan izandako zailtasun guztiak, «elkarrekin eta elkarlanean aurre egin diegu zailtasun horiei guztiei» – nabarmendu du Urkulluk. Zentzu horretan, Konfekoop, Jaurlaritzaren eta euskal erakundeen arteko kooperaziorako jarrera azpimarratu nahi izan du Lehendakariak, “ elkarlana eta gertutasuna erabatekoak izan dira; etorkizuneko diagnostikoa eta ikuspegia, estrategia, araudia, jarduera-planak edo ekimenak partekatu ditugu»– adierazi du. «Gero eta globalizatuagoa dagoen eta lehiakorragoa den mundu honetan, talde-lana, balio komunitarioak, lankidetza eta elkarlana ordezkatzen dituzue, kooperatiba-eredua erreferente bilakatuz nazioartean” esan du Urkulluk eta arrazoi horregatik erronka globalei aurre egiteko kooperazioaren indarra erakusten jarraitzearen alde egin du Lehendakariak, “jarrai dezagun kooperazioaren eredua errotzen eta zabaltzen, gure artean eta baita mundu zabalean ere”- esanez amaitu du.