Dani Garciak bere ibilbidea bukatu du Athletic Cluben

0

Erdilariak Superkopa bat eta Kopa bat besapean eta 194 partida jokatuta utziko du Kluba

Dani Garcia erdilariak bukatu du bere ibilbidea Athletic Cluben. Sei denboraldi eman ditu Bilbon eta guztira 194 partida jokatu ditu. Zumarragarrak bi titulu ditu besapean, 2021eko Superkopa, txapelketa oso-osorik jokatuta, eta Kopa, RCD Mallorcaren aurka irabazita.

Dani Garciak, bihar, ostirala, 34 urte beteko dituena, laster lortu zuen toki bat Athletic Cluben hamaikakoan, SD Eibarretik 2018-19 kirol urtean iritsi ondoren. Bi denboralditan soilik jaitsi da 30 neurketetatik, azken bietan. Iaz 29 jokatu zituen eta larunbatean bukatuko den honetan, 18. Bitxia bada ere, bere gol bakarra denboraldi honetan iritsi da, UD Almeriaren aurka San Mamesen sartutako burukada batekin, De Marcosek erdiraketa bikain baten ostean.

Klubeko futbolaria da Dani, hizki larriz. Beti jarri du kolektiboa banakakoaren aurretik. «Ez nuke barkatuko inork ordezko txarra naizela esatea», esan zuen publikoki Lezaman, taldeko titular gisa bere garrantzia jaisten hasi zenean. Eredua harrobitik datozen ehunka jokalarientzat.

Europan parte hartzeko ametsarekin iritsi zen Klubera, bete ezin izan duen helburua, baina taldea kontinenteko txapelketara sailkatuta utziko du. Gainera, berrogei urteren ondoren Gabarra atera duen txapeldunetako bat da.

Athletic Clubek zorterik onena opa dio Zumarragakoari bere etorkizuneko ibilbide profesionalean, eta, aldi berean, biziki eskertzen dio urte hauetan guztietan erakundearen interesen defentsan erakutsi duen lana.