Hezkuntza Sailak oniritzia eman dio Duranako Ikasbidea Ikastola Ikastetxe Publiko Integratuko jolastokian aterpe berri bat eraikitzeari.
Azpiegitura berriak 450 metro karratu inguruko azalera estaliko du, ikastetxe publiko horren aisialdirako eta kirol-jardueretarako kanpoaldeko patio batean. Estalkiaren egituraz eraikitzeaz gain, proiektuak barne hartzen ditu horri dagozkion argiztapen-instalazioa eta euri-urak husteko sarea ere. Hezkuntza Sailak laster ekingo dio proiektua idazteari, eta 475.000 euroko aurrekontua (BEZik gabe) bideratu du jarduera horretarako.
2023-2024 ikasturte honetan Duranako Ikasbide Ikastola IPIak 1.290 ikasle ditu Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan, hau da, 2 urtetik 18ra bitarteko ikasleak.