Hamabi euskal enpresa aliatu dira hidrogenoaren logistika amaierako erabilerekin modu optimoan integratzen lagunduko duten soluzio teknologikoak garatzeko

0

Abian da jadanik PETRONORek koordinatzaile bezala eta hidrogenoaren balio-kateko beste 11 enpresa erreferentek garatu beharreko H2INTEGRA proiektuaren jarduera, hidrogenoaren sorkuntza, banaketa eta amaierako erabilerak modu optimoan konektatu eta kudeatuko dituen hidrogeno-ekosistema bat sortzeko soluzio fisikoak eta digitalak ikertzeko asmoz.

Hidrogenoa ezinbesteko elementutzat jo dute Europako eta nazioarteko erakundeek, berotegi-efektuko isurpenetan neutroa den ekonomia-eredu baten aldeko trantsizio energetikoa gauzatzeko, eta ikuspegi honen arabera, hidrogenoaren Europa mailako zein maila globaleko merkatuaren garapena aurreikus daiteke, energia-sisteman elektrizitate berriztagarriko teknologien integrazioa errazteko duen eginkizunari lotuta. Garapen honek hidrogenoaren balio-kate osoari dagozkion aukerak eragingo ditu, ekoizpenean nahiz sorkuntza berriztagarriko instalazioekiko integrazioan, biltegiratzean, garraioan, banaketan eta kontsumoan. Ondorioz, behar-beharrezkoa da posizionamendu estrategikoa hartzea, Euskadi eta euskal industria-sarea jarrerarik onenean egon daitezen energiari, ingurumenari eta garapen industrial eta teknologikoari dagozkien aukera horiei probetxua atera ahal izateko.

Testuinguru honetan sortu da H2INTEGRA proiektua, hidrogenoa ekoizteko PETRONORren azpiegitura abiapuntutzat hartuta,  hidrogenoaren ekosistemaren sorreran aurrera egiten lagunduko duten inplementazio fisiko eta digitaleko soluzio teknologikoak ikertzeko, hidrogenoaren amaierako erabilerak ekoizpen-azpiegiturarekin modu optimoan konektatuz eta kudeatuz.

Horretarako, H2INTEGRAren ikerketa azpiegitura berezi baten barruan garatuko da, osagai hauen laguntzaz:

  1. 5 MWeko elektrolizagailu bat, Petronorren findegian kokatua
  2. sortutako hidrogenoa Abantoko Parke Teknologikora eramateko hodi bat,
  3. parkean kokatutako datu-zentroa energia babesgarritzat elikatzeko
  4. konprimitzeko eta biltegiratzeko estazio bat, MEGC kamioiak (Multiple Element Gas Container) kargatzeko hainbat badiarekin
  5. eta hidrogenotegi bat ibilgailu arinak eta astunak birkargatzeko.
  6. MEGC kamioiek hidrogenoa hidrogenotegi satelite batera eramango dute, Bilboko aireportuan, lur-esparruko ibilgailuak nahiz aire-esparruko handling-ekipamenduak birkargatzeko.
  7. eta Bilboko Portura ere, salgaiak manipulatzen dituzten garabiak honitzeko
  8. Bizkaian, altzairuzko tutuak nahiz aluminiozko ontziak fabrikatzeko hidrogenoa erabili behar den kasuetarako, hidrogenoa in situ sortzeko prototipoak garatuko dira.
  9. Azkenik, gas naturalaren sarean injektatuz iristen den kasuetan, nahastuta garraiatu den hidrogenoa bereizi behar da.
  10. Azpiegitura guztia segurtasun-elementuekin osatuko da
  11. eta plataforma digital batekin lotuta egongo da, izan ere, azken honek eskariaren datuak bilduko ditu hidrogenoaren sorkuntza, konprimitzea, biltegiratzea, logistika eta banaketa optimizatu ahal izateko.

Azpiegitura honetaz baliatuta, H2INTEGRA proiektuaren partzuergoak hidrogenoaren ekoizpena eta eskaria elkarrekin doitzeko plataforma bat sortuko du, hidrogenoaren ekoizpena eta banaketa kudeatu eta optimizatu ahal izateko.

Horrez gain, hainbat soluzio garatuko dira biltegiratu, konprimitu, dispentsatu eta erabiltzeko prozesuen monitorizazioa eta aurreikuspena errazteko, beroaren erabilera intentsiboak dituzten industrietan erabiltzeko edo datu-zentroak deskarbonizatzeko, eta hidrogeno-pilaren bidezko elikatze-sistema berriak ikertuko dira portuko garabietarako, baita gas naturalarekin batera garraiatutako hidrogenoa bereizteko soluzioak eta azpiegituren segurtasuna eta osotasuna bermatzeko tresna, estrategia eta sistema berriak ere.

Horrek guztiak euskal industria deskarbonizatzeko aukera ekarriko du, nekez deskarboniza daitezkeen bestelako sektoreak barne, eta aldi berean, garapen industrialerako aukera sortuko du, teknologia-esportatzailetzat posizionatzeko.

H2INTEGRA izaera estrategikoa duen ikerketa industrialeko urte anitzeko (2023-2025) lankidetza-proiektua da, eta honako erakunde hauek ditu partaide: Petronor (koordinatzailea), Envases Metalúrgicos de Álava, P.Q.C. Power Quality Control, TEAM Ingeniería y Consultoría, Tubos Reunidos Group, IBIL, CSP Iberian Bilbao Terminal, Sarralle Engineering, H2SITE, Nortegas, ALBA Emission Free Energy eta FERRO Maquinaria de Elevación. Gainera, Tecnalia eta Petronor Innovación ditu laguntzaile, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileak diren heinean, baita Euskadiko Energia Klusterra ere, komunikazio eta zabalkunde arloko jardueretarako.