Euskelec 2024 lehiaketak lasterketa-zirkuitu bihurtuko du Andre Maria Zuriaren plaza, igandean

0
  • Zazpigarren edizio honetan 18 ibilgailu elektrikok hartuko dute parte, guztiak Lanbide Heziketako ikasleek diseinatu eta eraikitakoak
  • Euskelec lehiaketa ez du beti autorik azkarrenak irabazten; ibilgailuen energia-efizientzia ere kontuan hartzen da

Dagoeneko ari dira bateriak kargatzen, balaztak doitzen eta pneumatikoen presioa neurtzen. Lanbide Heziketako ikasleek egindako 18 ibilgailu elektrikoak lehiatzeko prest daude. Euskelec 2024 Gasteizera iritsiko da asteburuan, eta Andre Maria Zuriaren plaza eta Plaza Berria ezohiko lasterketa-zirkuitu bihurtuko ditu.

Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailarena) antolatzen duen lehiaketa zazpigarren ediziora iritsi da aurten, eta Euskadiko Lanbide Heziketaren egutegian dagoeneko bere lekua eginda dauka.

Proba dinamikoak

Balaztatzea, azelerazioa, slaloma, efizientzia… Igandean proba horiek pasatu beharko dituzte Euskelec 2024 edizioan parte hartuko duten 18 ibilgailu elektrikoek. Lehiaketan ez du nahitaez eta beti ibilgailurik azkarrenak irabazten. Euskelecek autoen energia-efizientzia ere baloratzen du, hau da, bateria-karga bakarrarekin proba guztiak gainditzea. Gasteizko zirkuituak zatiren batean duen malda aproposa izango da baterien iraunkortasuna proban jartzeko. Horretarako berariaz prestatutako zirkuituan honako proba dinamiko hauek egingo dira:

  • Balaztatzea: autoa ahalik eta distantziarik laburrenean gelditu behar da, gutxienez orduko 20 km-ko abiaduran doala (Mateo Benigno de Moraza kalean).
  • Azelerazioa: ibilgailuak geldi dagoenetik 60 metro ibiltzeko behar duen denbora kronometratzen da.
  • Slaloma: ibilgailuak slalom-zirkuituari (Plaza Berrian) buelta bat emateko behar duen denbora kronometratzen da.
  • Efizientzia-proba: autoak 60 minutuan ahalik eta distantziarik handiena egiteko gai izan behar dira, goizean proba dinamikoak hastean zuten bateria-karga berarekin. Helmugatik igarotzen den aldi bakoitza zenbatuko da, eta puntu horretatik gehien pasatzen den taldea izango da irabazlea (zirkuituari buelta gehien ematen dizkiona).

Euskelecen edizio berri honetan 18 taldek hartuko dute parte: Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan egindakoak dira 14 ibilgailu, eta Kantabriatik iritsiko dira beste lauak. Gainera, beste hiru ibilgailuk gonbidatu gisa parte hartuko dute, erakustaldi moduan.

Egiaztapen teknikoak, larunbatean

Proba dinamikoak egiten eta pistan prestazioak ebaluatzen hasi aurretik, auto guztiei egiaztapen teknikoak egingo zaizkie larunbat arratsaldean. Egiaztapen horiek baztertzaileak izango dira: araudia betetzen ez duen ikastetxea desklasifikatu egin ahal izango da. Egiaztapen horiek amaitzean, epaimahaiak ibilgailuen bateriak zigilatuko ditu, berriz kargatzea eragozteko.  Modu horretan, auto guztiek bateria-karga bakarrarekin egin beharko dituzte igande goizeko proba guztiak.

Aurretik, maiatzaren 8an, lasterketan parte hartuko duten talde guztiak Zornotzan izan ziren, Automotive Intelligence Centerren (AIC) instalazioetan, euren prototipoaren ezaugarri teknikoak eta eraikuntza-ezaugarriak aurkezten. Lehiaketako epaimahai teknikoak ibilgailuak eraikitzeko erabilitako soluzio teknikoak, diseinu estetikoa eta ergonomia kontuan hartuta ebaluatu zituen proiektuak, eta taldeak ibilgailuen memorietan islatutako alderdi teknikoen arabera puntuatu zituen.

Talde lana

Igandean Gasteizen egingo den Euskelec 2024 lehiaketaren azken fase hori Lanbide Heziketako ikasleek ikasturte osoan ikastetxeetan egin duten lanaren amaiera baino ez da. Bertan parte hartzen duten ikasleek oinarri motor komun batetik abiatuta (motorra, motor-kontrolagailua eta bateriak) diseinatzen eta eraikitzen dute ibilgailu elektriko bat. Ekimenaren helburua da ikasleen talde-lana sustatzea eta jarduera esperimentalari eta sortzaileari oinarri bat ematea, ibilgailu elektrikoen ezagutza teknikorako elementu pedagogiko gisa.

Era berean, lehiaketak trakzio elektrikoko ibilgailuetan espezializatutako teknikariak trebatzeko eta sustatzeko plataforma ere izan nahi du. Baina, horretaz gainera, fabrikazio-teknika berrien esperimentazioa eta material berrien erabilera ere sustatu nahi du.

Euskelec 2024 Tknikak antolatu du, Gasteizko Udalaren ezinbesteko babesarekin eta laguntzarekin.

Ordutegia:

Maiatzak 25, larunbata
Taldeei harrera eta boxak esleitzea 09:00etatik 11:00etara
Taldeei egiaztapenak 14:30etik 18:00etara
Maiatzak 26, igandea                                                            
Briefinga 09:00etatik 09:15era
Balaztatzea, azelerazioa eta slaloma, 1. txanda 09:30etik 10:30era
Balaztatzea, azelerazioa eta slaloma, 2. txanda 10:30etik 11:30era
Briefinga 12:00etatik 12:15era
Aurreko irteera-parrila 12:30etik 12:45era
Efizientzia-proba (erresistentzia) 13:00etatik 14:00etara
Sari-banaketa 14:15

 

Parte hartuko duten taldeak:

Dortsala Ikastetxea
1 CIFP MENDIZABALA LHII, Gasteiz EUSKADI
2 SAN JUAN BAUTISTA «LA SALLE» KANTABRIA
3  CPIFP SOMORROSTRO LHIPI, Muskiz EUSKADI
4 CPIFP OTXARKOAGA LHIPI, Bilbo EUSKADI
5 CIFP BIDEBIETA LHII, Basauri EUSKADI
6 CIFP IURRETA LHII, Iurreta EUSKADI
8 IES MUNGIA BHI, Mungia EUSKADI
9 CIFP SAN JORGE LHII, Santurtzi EUSKADI
12 CIFP GIZARTE BERRIKUNTZA LHII, Hernani EUSKADI
14 UROLA GARAIKO LANBIDE ESKOLA, Zumarraga EUSKADI
16 CIFP FADURA LHII, Getxo EUSKADI
17 CPIFP PEÑASCAL LHIPI, Bilbo EUSKADI
19 CIFP NÚMERO UNO KANTABRIA
20 IES FUENTE FRESNEDO KANTABRIA
21 IES NTRA. SRA. DE LOS REMEDIOS KANTABRIA
22 CIFP ANDRA MARI LHII, Galdakao EUSKADI
23 CIFP ELORRIETA-ERREKAMARI LHII, Bilbo EUSKADI
24 CIFP EMILIO CAMPUZANO LHII, Bilbo EUSKADI

 

Talde gonbidatuak
Dortsala Ikastetxea
A Automotive Intelligence Center – Euskadi
B Electric Car / Coche Cero – Euskadi
C Hidrógeno 2ª Generación- Tknika – Euskadi