Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua bat datoz etxebizitza turistikoen errealitateari heltzeko premian, etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzeko

0
  • Turismo Sailak eskerrak eman ditu Espainiako Gobernua Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Erregelamendua aplikatzeko egiten ari den lanagatik, eta leihatila bakarra azkar sortzen jarraitzeko eskatu du.
  • Etxebizitza Sailak erakundeen arteko lankidetza behar dela defendatu du, etxebizitza-eremu saturatuetan izaten ari diren ondorioak geldiarazteko.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Etxebizitzaren eta Hiri Agendaren Konferentzia Sektorialean parte hartu dute gaur. Bertan, alokairuaren eta erabilera turistikoko etxebizitzen gaia jorratu dute Etxebizitza eta Hiri Agenda eta Industria eta Turismo ministerioek eta autonomia-erkidegoek. Bi administrazioak, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta Espainiakoak, bat etorri dira etxebizitza turistikoen errealitateari heltzeko eta haien jarduera etxebizitza eskuratzeko eskubidearekin uztartzeko premian.

Javier Hurtado sailburuak azpimarratu du erabilera turistikorako etxebizitzak arautzea administrazio guztiei dagokiela, eta otsailean onartu zen iraupen laburreko ostatuen alokairu-zerbitzuei buruzko Europako Erregelamenduaren garrantzia azpimarratu du. Funtsezko tresna da ezkutuko etxebizitzak kontrolatu ahal izateko, plataformak informazioa trukatzera behartzen baititu. Erregelamenduak 2 urtera arteko aplikazio-epea du, estatuek leihatila bakarra sortzean oinarritzen baita. Euskadik dagoeneko badu establezimendu turistikoen erregistro propioa, REATE, 2019tik dekretu bidez arautua; beraz, Erregelamenduaren aplikazioa azkarrago egin daiteke, lana aurreratuta baitago. Horregatik, Espainiako Gobernua Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Erregelamendua aplikatzeko egiten ari den lana eskertu du, eta leihatila bakarra azkar sortzen jarraitzeko eskatu du.

Euskadin, 2016ko Turismoaren Legeak arautu eta kontrolatu ditu erabilera turistikoko etxebizitzak. “Udalekin lankidetza-protokolo bat itxi dugu eta Foru Aldundiei informazioa bidaltzen diegu. Erabilera turistikorako etxebizitzak eta logelak arautzeko Dekretua landu dugu; ikuskatzaile-taldea 10 pertsonatan handitu dugu; salaketa-postontzi bat prestatu dugu, informazio- eta ikuskapen-kanpainak egin ditugu, azkena 2023ko azken hilabeteetan. Kanpaina horretan 1.117 ikuskapen egin ziren, eta 376 zehapen-espediente ireki ziren”.

Bestalde, Hurtado sailburuak udalen autonomia eta erabilera turistikorako etxebizitzak arautzeko eta mugatzeko orduan udalek dituzten tresnak azpimarratu ditu; izan ere, “udalerriek ezagutzen dituzte ondoen beren beharrak eta errealitatea, eta asko aldatzen dira batetik bestera”.

Horregatik, beharrezkoa da beste erakunde eta eragile batzuen inplikazioa, besteak beste EUDELena, “udal txikienei lan egiteko gida bat izaten lagunduko dieten protokoloak prestatzen”. Izan ere, gogorarazi duenez, ekimen bat onartu zen Legebiltzarraren Osoko Bilkuran, 2023ko martxoaren 9koan, eta ekimen horrek Eudel Euskadiko Udalen Elkarteari eskatzen zion bere baitan azterketa- eta lan-talde bat eratzeko, bere eskumen-eremuan oinarri komunak eta orientazio orokorrak egiteko, erabilera turistikoko etxebizitzen eta logela partikularren udal-erregulaziorako, eta Euskadiko udalerri guztien eskura jartzeko.  

Bestalde, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak adierazi du etxebizitza duin eta egokia izateko eskubideak lehentasuna izan behar duela beste interes legitimo batzuen gainetik. “Izan ere, etxebizitza bat izatea funtsezkoa da bizi-proiektu bat garatzeko eta pertsonen oinarrizko beste eskubide batzuk baliatzeko”. Era berean, defendatu du erakundeen arteko lankidetza behar dela, herritarrek etxebizitza eskuratzeko aukera izango dutela bermatzeko tresna eraginkorrak ahalbidetzeko, batez ere bizileku-tentsio handiena duten udalerri eta eremuetan.

INEren analisiaren arabera, Euskadin, erabilera turistikoko etxebizitzen portzentajea, etxebizitzen guztizkoaren aldean, oso azpitik dago Estatuko batez bestekoaren aldean; % 1,13koa da bertan, eta Euskadin, berriz, % 0,48koa da.