23 haur eta gazte saritu dituzte 35. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketan

0

Sari banaketa Udaletxeko udalbatzar aretoan egin da

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako 2024ko irabazleak saritzeko ekitaldia antolat du gaur Udaletxeko Udalbatza aretoan. Urtero bezala 6 urtetik 18 urte bitarteko saridunak iza dira protagonista nagusiak.

Udal txistularien bandaren harreraren ondoren, Sara Cozarrek aurkezpen lanak egin ditu; Iñaki Salvadorrek eta Olatz Salvadorrek musika dotorez apaindu dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izan dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. Nekane Arzallus alkateordeak ekitaldian parte hartu du eta saritu guztiak zoriondu ditu.

35 urteko ibilbide oparoa

Koldo Mitxelena Eskolarteko Literatur lehiaketaren eragina eta arrastoa handia izan da urte hauetan. Batetik, literatura lehiaketaren helburua -euskararen erabilera eta sormena ikasleen artean sustatzea-, bete egin da hein handi batean, saritutako zenbaitek euskarazko sormen lanetan murgilduta jarraitzen baitute gaur egun. Bestetik, lehiaketaren datuak oparoak dira oso: 1990ean abian jarri zenetik 39.838 lan aurkeztu dira guztira.

1.273 lan aurtengo edizioan

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 35. edizioan 23 lan saritu dira eta 21 lanek jaso dute aipamen berezia. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 21 ikastetxetako ikasleek 1.273 lan aurkeztu baitituzte

35. edizioan saritutako lanak (5 komiki, 6 olerki, 6 ipuin, 3 bertso eta 3 mikroipuin) liburuxka batean bildu dira eta www.donostiaeuskaraz.eus-en ikus daitezke. Bertan, epaimahaiaren (Iñaki Martiarena “Mattin” komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Castillo Suarez, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak) aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da; 21 lan, hain zuzen ere.

Opariak eta literatura lantegi batean parte hartzeko aukera

Aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazleek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Kategoria honetako bost irabazlek Arantzan egingo den lantegian parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera.