Abegi Etxeko familientzako eranskinak ekainaren 3an irekiko ditu ateak

0

Aldi baterako harrera-baliabidea eraberritu egin da egoera zaurgarrian dauden familiei egonaldia errazteko

Donostiako Udalak datorren astelehenean, ekainaren 3an, irekiko ditu Abegi Etxearen eranskin berrituaren ateak, eta aukera emango die instalazio horiek erabili behar dituzten familia osoei aldi baterako harreran beren bizitza garatzeko, eremurik intimoena familia-nukleoa osatzen ez duten pertsonekin partekatu gabe.

Joan den urtean hasi zen eraberritzearen ondoren, eraikina 3 logela independente (horietako bat egokitua) izatera pasatu da. Logela bakoitzak bainugela eta gosaltzeko oinarrizko tresneria duen sukalde txiki bat du, eta garbitegi gune bat partekatuko dute. Logela bakoitzak, gainera, sarrera propioa du atzeko fatxadatik. Honetaz gain, egonaldi gune propioa du eraikinak, non haurrentzako jolas-gune bat jarriko da.

Jarduera honen aurrekontua 297.053 eurokoa izan da, eta horietatik 174.473 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketarako eta Gizarte Politiketako Departamentuak diruz lagundu ditu.

Orain arte, eraikin eranskiak 3 logela, sukalde-jangela duen gune amankomun bat, 2 komun, dutxa bat eta erabiltzaileek ekipajeak gordetzeko kontsigna bat zituen.