EHUko Uda Ikastaroek hezkuntzako profesionalentzat 17 ikastaro eskainiko dituzte aurten

0
  • Jokin Bildarratzek profesional horiek zuzendutako «Irakasteko ikasten» eta «Prest Gara» programak aurkeztu ditu

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoarekin batera, «Irakasteko ikasten» eta «Prest Gara» programak aurkeztu ditu gaur goizean, UPV/EHUko Uda Ikastaroen barruan hezkuntzako profesionalei eskaintzen zaizkienak. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak ere parte hartu dute aurkezpenean.

Hezkuntza Sailak, Uda Ikastaroekin lankidetzan, hezkuntzaren esparruko 17 ikastaro prestatu ditu edizio berri honetarako, aipatutako programen barruan. Hezkuntzako profesionalei zuzenduta, «baina mundu guztiari irekita” azaldu du Bildarratzek. “Ikasteko interesa duen edonor ongi etorria izango da gure ikastaroetara».

Aurten ere, sailburuak azpimarratu duenez, Hezkuntza Sailak askotariko katalogoa diseinatu du, profesionalen etengabeko prestakuntzarako interesgarriak. «Ikastaroen katalogo erakargarri bat eskaini nahi dugu, ikastetxeetako errealitatearekin, bertako eztabaidekin, kezkekin eta gaur egungo zalantzekin lotura izango duena. Bertaratzen diren profesionalek beren prestakuntza eta ezagutza indartu egin direla sentitzea nahi dugu. Beti ikasleen, ikasgeletan zain izango dituzten neska-mutilen mesedetan «.

Ildo horretan, adibide gisa, edizio honetan jorratuko diren gai batzuk aipatu ditu, hala nola gazteen kultura digitala, dislexia eta zentzumen-ezintasunak, suizidioa, ebaluazioa, STEAM prestakuntza edo antzerkiak ikasleen formazio-prozesuan duen balioa. Ikastaro hauek ekainaren 6tik irailaren 21era egingo dira.

Ikastaroen egitaraua esteka honetan dago eskura:

https://www.uik.eus/eu/jarduerak/programak-irakasteko-ikasten-eusko-jaurlaritza

Ricardo Etxepare

Ekitaldi berean, UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioak Ricardo Etxepare ikastaroetako zuzendari izandakoaren izena eramango duen aretoa eta hitzaldiak ere aurkeztuko dira. Ekimen horren baitan, nazioarteko adituek hitzaldiak emango dituzte ikerketa zientifiko eta teknologikoaren ezagutzaren transferentziaz eta inpaktu sozialari buruz.

Bildarratzek Udako Ikastaroen ekimen hau gogoz txalotu du, Etxepare «ezagutzen transmisioaz arduratu” zela gogoratuz, «beti ere hezkuntzari eta ikerkuntzari lotuta». «Zientzia-dibulgazioak bere ibilbidea markatu zuen –nabarmendu du–, eta, horrez gain, gure hezkuntza-sistemaren eta gizartearen bereizgarri diren udako ikastaroak bultzatu zituen. Espazio batek Ricardo Etxepare gogoraraztea ondare bat da beren ibilbide profesionala eta bizi-ibilbidea ezagutzeko zortea izan ez zuten belaunaldientzat «.