280.000 euro Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetako irakasleen prestakuntza ikastaroetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako ikasketak (heziketa-zikloak, espezializazio ikastaroak edo ziurtagiri profesionalak) eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeetan irakasleentzako prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua. Prestakuntza-jarduera horiek 2024-2025 ikasturtean burutzekoak izan beharko dute.

Deialdi honek 280.000 euroko diru kopurua du. Emandako laguntza ezin izango da 110 eurotik gorakoa izan eskainitako prestakuntza-ordu bakoitzeko. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute ofizialki Euskadin Lanbide Heziketako zikloak, espezializazio ikastaroak edo ziurtagiri profesionalak emateko baimena duten itunpeko ikastetxe pribatuek. Prestakuntza-jarduera horiek irakasleen praktika eta irakaskuntzako garapen profesionala hobetzen lagundu behar dute.

Jarduera horiek ikastetxeak berak hauteman dituen prestakuntza-beharren arabera aukeratuko dira eta, ahal dela, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planaren zazpi ardatz estrategikoei lotuta egongo dira, honako eremu hauetan: teknologia, digitalizazioa eta sistema adimendunak; berrikuntza estrategikoa eta eraldaketa disruptiboa; adimenaren kudeaketa Lanbide Heziketako 5.0 ikastetxeetan; bioteknologia, birsorkuntza eta ongizatea; giza garapena, eraldaketaren protagonista gisa; Lanbide Heziketako 5.0 ikastetxeak; eta Lanbide Heziketako euskal sistemaren nazioartekotzea.

Honako gastu hauek ordaintzeko erabili beharko dira deialdi honen bidez jasotako laguntzak: ikastetxez kanpoko adituak kontratatzeak eragindako gastuak, edo prestakuntza-jardueretarako berariaz eskuratutako materialen gastuak ordaintzeko.