Bretxako emakidadunak hiru hilabeteko epean hustu beharko ditu instalazioak

0

Udalak emakida iraungitzat jotzen du eta emakidadunak eragindako kalte eta galerak zehazteko prozedura hasiko du

Donostiako Udalak Bretxako Merkatuaren emakidaren kontratua iraungitzeko izapideekin jarraitzen du, maiatzaren 24an Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren (EABJ) txostena jaso ondoren.

Ostegun honetan bertan egingo den ohiz kanpoko Tokiko Gobernu Batzar batean, enpresa emakidadunak «kontratuaren funtsezko betebeharrak ez betetzeak» eragindako arazoak konpontzeko hainbat prozedura onartzea aurreikusten da:

  • Interesdunek aurkeztutako alegazioak ezestea eta emakida iraungitzat jotzea.
  • Behin betiko bermea konfiskatzea.
  • Emakida baloratzeko prozedurari hasiera ematea, emakidadunari dagokion kalte-ordaina ordaintzeko, legeak ezartzen duenaren arabera.
  • Emakidadunak udalari eragin dizkion kalte eta galerak zehazteko prozedura hastea.

Instalazioak hustea

Aipatutako prozedurez gain, Udalak erabaki du emakidadunak hiru hilabeteko epea izango duela, gehienez ere, instalazioak husteko, erabaki hau jakinarazten denetik kontatzen hasita. Horrela egin ezean, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea galduko du eta legeak aginduta utzi beharko du.

Akordioan adierazten da emakidari atxikitako eraikinak eta ondasunak benetan entregatu arte, emakidadunak zerbitzu eta hornidura guztiak mantendu eta ordaindu beharko dituela, beharrezkoak baitira bertan egiten diren jardueren jarraitutasuna eta eraikinen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Emakidadunak ezinbesteko neurri horiek bermatzen ez baditu, Udalak esku hartu ahal izango du, eta neurri horiek bere baliabideekin edo kontratatutako hirugarrenen bitartez egingo direla bermatzeko.

Babes juridikoa

Prozedura horiek legezko ibilbide egokia egin ondoren jartzen dira martxan. Ibilbide horretan nahitaezkoa zen Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak esku hartzea, kontratua iraungitzeko prozedura bat zelako, eta kontratistak aurka egiten zuelako. Hala, bada, atal horri bidali zitzaion irizpen-eskaera 2024ko martxoaren 20an, espedientearekin eta Instruktorearen ebazpen-proposamen-txostenarekin batera.

2024ko maiatzaren 24an, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak Akordioa helarazi zion Udalari. Bertan, kasuaren inguruabarrak aztertu ondoren, adierazten du emakida ondare-izaerakoa dela, eta, beraz, organo horrek ez du iraungitzeari buruzko irizpenik eman behar, baina beren-beregi uste du «Udalak amaitu dezakeela, juridikoki egokitzat jotzen duen ebazpena emanez, funtsezko izapideak behar bezala bete direla ikusten baita«.