Kultura eta Hizkuntza Politika sailak iaz baino 200.000 euro gehiago bideratuko ditu aurtengo Lanhitz deialdira. Programa honen helburua EAEko sektore pribatuan dauden lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak ematea da. 2.200.000 euroko diru partida lau motatako proiektuak laguntzera bideratuko da:
- Lehenengo multzoa: 150.000 euro bideratuko dira entitatean euskara planik izan gabe, euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jarduerak laguntzera.
- Bigarren multzoa: entitatean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara plana diseinatzea, eta, nahi izanez gero, abian jartzeko ekintza solteak egiteko 200.000 euroko diru partida ezarri da.
- Hirugarren multzoa: entitatearen euskara plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jardueretarako 1.150.000 euroko aurrekontua aurreikusten du deialdiak.
- Laugarren multzoa: entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda, edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzea. 700.000 euroko diru partida dago multzo honetako proiektuak laguntzeko.
Interesa dutenek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Iazko deialdian 169 dirulaguntza banatu ziren. Lehenengo multzoan 20 proiektu lagundu ziren, bigarrenean 23, hirugarrenean 81 eta laugarrenean 45.