Eusko Jaurlaritzak UNED-ekin duen konpromisoari eusten dio 500.000 euroko dirulaguntzarekin

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran adostu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, UNED Urrutiko Unibertsitateari zuzeneko laguntza ematea. Laguntza honek 500.000 euroko diru kopurua du.

UNEDek Euskal Autonomia Erkidegoan, Gasteizko, Bergarako eta Bizkaiko zentroetan garatzen ditu bere jarduerak. Hiru ikastegi horien artean dirulaguntza modu honetan banatuko da:

UNED Vitoria-Gasteiz: 126.889 €

UNED Bergara: 130.754 €

UNED Bizkaia: 242.357 €

Dirulaguntza hau, Hezkuntza sailaren 2024ko aurrekontuetan UNEDentzat gordetako kopurua da eta matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera banatzen da unibertsitate honek Euskadin dituen ikastegi elkartuen artean.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak zentro horiek egiten duten lan akademiko, kultural eta soziala aitortzen du. Euskadin egiten dituzten jarduerak babesten jarraitzeko erabakia mantentzen du, bi erakundeen helburua baita unibertsitate-sistema osoaren kalitaterik onena lortzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta UNEDek 2021eko apirilean sinatu zuten hitzarmenean jasotzen denez, finantzaketa hau honako zereginetarako erabili beharko da: lurraldeko UNED ikastegi elkartuen jarduerei eusteko, etengabeko eguneratze teknologikorako eta beharrezkoak diren azpiegituren hobekuntzarako eta mantentze-lanetarako.