Hezkuntza Sailak 500.000 euro bideratu ditu Lanbide Heziketako Erasmus+ mugikortasun programetarako

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketaren arloko Agindu bat onartu du gaurko bilkuran. Zehazki, Erasmus+ programaren barruan onartutako mugikortasun-proiektuak finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duen Agindua, betiere proiektuok 2024-2025 ikasturtean garatzen badira eta ikaskuntza-arrazoiengatik. 500.000 euroko diru-kopurua duen deialdi honen azken onuradunak Lanbide Heziketako ikasleak zein irakasleak izango dira.

Europako Batasunak mugikortasun jarduera horiek finantzatzeko egiten duen ekarpen ekonomikoa ez da nahikoa izaten jarduera horiek gauzatu ahal izateko, beraz Hezkuntza Sailak ezinbesteko deritzo deialdi hauek egiteari, Europako finantzazioak hartzen ez duen portzentajea osatzeko.

786 ikasle eta 654 irakasle

2023-2024 ikasturte horretan, ikastetxe publikoek zein itunduek eskatu dute Erasmus+ mugikortasun-proiektuak egiteko laguntza deialdi honen bidez, Euskadiko Lanbide Heziketako 786 ikasle eta 654 irakasleren mugikortasun kofinantzatua gauzatu ahal izateko. Honez gain, Erasmus+ deialdiko beste programa batzuk ere barne zenbatuta, Euskadiko Lanbide Heziketak 2.000 pertsona baino gehiago mugitzen ditu urtero, ikasle eta irakasleak barne.

Deialdi honek laguntzen dituen ikasleen zein irakasleen mugikortasun-ekintzek honako helburu hauek sustatzen dituzte:

  • Parte-hartzaileei laguntzea ezagutza, trebetasunak eta gaitasunak bereganatzen, haien garapen pertsonala bultzatze aldera.
  • Lanbide Heziketako ikasleei atzerrian prestakuntza jasotzeko aukerak ugaritzea.
  • Ikasleei beharrezko dituzten trebetasunak ematea, hezkuntza eta prestakuntza-arlotik lan-merkatura igaro daitezen.
  • Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren esparruetan ohitura berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea bertan zein herrialde parte-hartzaileetan.