Lehendakariak «Munduaren Bihotzean. Euskal Ordezkaritza Parisen» liburuaren aurkezpenean parte hartu du

0
  • “Liburu honek gure aurrekoek izan zuten ikuspegia eta ireki zituzten bideak onuragarriak izan zirela baieztatzen du”- esan du Iñigo Urkulluk
  • Bilboko Carlton hotelean izan da ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere bertan izan dira

Iñigo Urkullu Lehendakariak Koldo San Sebastianen ‘Munduaren  Bihotzean. Euskal Ordezkaritza Parisen» liburuaren aurkezpenean parte hartu du. Bilboko Carlton hotelean izan da ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere bertan izan dira.

Lehendakariak azpimarratu du Euskadin, Europan eta mundu zabalean bizi dugun egoera ezagututa, liburu eta aurkezpen ekitaldi honek esanahi berezia hartzen dutela. “Gure aurrekoek izan zuten ikuspegia eta ireki zituzten bideak onuragarriak izan zirela baieztatzen dugu. Gure Herriaren historia ezagutzeko eta aitortzeko baliagarria da”- esan du.

“Marceauren Ordezkaritzarekin lehenik, edo Singer-en Ordezkaritzarekin ondoren, Euskadik liburu honek biltzen duen historia idazten lagundu zuen. Ordezkaritzek, gainera, istorio txiki asko izan zituzten. Han lan egin zuten pertsona guztiena. Horiei guztiei, haien entregari eta konpromisoari, eskainiko diegu liburu hau, baita bihotzezko omenaldi hau ere”- gaineratu du.

Bestalde, Lehendakariak Frantziako Ordezkaritza berria 2021eko abenduan onartu eta sortu zutela gogoratu du, eta urte luzez, garai bateko Ordezkaritza hura bizirik iraunarazi duten balio berberak daudela: “herritarren zerbitzura dagoen humanismo sakona”.

“Orduan, gaur bezala, gure demokrazia eta askatasuna bermatuko zituen Europa batuaren aldeko mugimenduetan egon ginen”- nabarmendu du.

Azkenik, Lehendakariak “gure Herria egiten, eraikitzen, egunean egunean, denon artean eta denon onerako” jarraitu behar dugula adierazi du.