Belartza Gainako urbanizazio planak hasierako onarpena jaso du

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Bidebietako parkea, Añorgako zeharbidea, Udalinfo eta Turismo Bulegoa, Zuhaiztien plana, Altzako kiroldegiaren eguzki-instalazioa, Suhiltzaileen jantziak

Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Belartza Gainako Jarduketa Integratua Urbanizatzeko Jarduketa Programari, eremuaren plan partzialak proiektatutako jarduketa integratuaren garapenaren eta gauzatzearen kudeaketa arautzeko. Plan horrek erabilera ekonomikoetarako lurzoru urbanizagarriko gune berri bat sortzea aurreikusten du, Belartzan dagoena luzatuz.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, «Belartza Gainako enpresa-poligonoak urrats berriak ematen eta aurrera egiten jarraitzen du. Hiriarentzako trakzio ekonomikoko puntu berri bat bihurtuko da, eremuak erabilera industrialak eta hirugarren sektorekoak hartuko baititu«.

Proiektu honen balioetsitako aurrekontua 13.131.801 eurokoa da, eta honako helburu hauek ditu: produkzio-jardueretarako eraikin berriaren plataformak eta haietarako sarbide-sistema – ibilgailuentzat eta oinezkoentzat – konfiguratzea, behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren hiri-zerbitzuen antolamendua, eta sortutako paisaia- eta ingurumen-inpaktuak zuzentzeko neurriak zehaztea.

Planak aurreikusten ditu, besteak beste;

  • urbanizazio-plataforma mailakatuen sistema bat eta
  • oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak, sarbide berriak eta biribilguneak dituen bide-eskema berri bat.

Bestalde, Errekatxuloko ibarra eta Irubide errekaren ibarra txikiaren azken zatia programa urbanizatzailetik kanpo uzten dira, eta egungo egoeran zuhaitz-gune gisa babesten dira.

Bidebietako parkea

Tokiko Gobernu Batzarrak Bidebietako parkearen proiektu berrituari dagozkion obren kontratazio espedientea onartu du. Lizitazio aurrekontua 496.060 eurokoa da eta egikaritze epea 3 hilabetekoa.

Añorgako zeharbidea

Tokiko Gobernu Batzarrak Añorgako zeharbideko oinezko eta bizikletentzako ibilbideak eraikitzeko proiektua onartu du, Errekaldeko biribilgunearen eta Rezolako biribilgunearen artean, Añorgako zeharbidearen integrazioaren II. faseari dagokionez, 789.447 euroko aurrekontuarekin.

Udalinfo eta Turismo Bulegoa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Turismo Arretarako Bulegoa gaitzeko udaletxeko beheko solairua eraberritzeko proiektua gauzatzeko obren kontratuaren bigarren aldaketa, 148.634 euroko aurrekontu-gehikuntzarekin, bai eta kontratu horren etendura bertan behera uztea ere. Era berean, aldatutako proiektua onartu da. Bertan, jatorrizko proiektuaren espazioen eta lanpostuen banaketak doitzea sartzen da.

Zuhaiztien plana

Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Zuhaiztien Plan Zuzentzailea onartu du. Plan Zuzentzailearen helburu orokorrak dira hiriko zuhaitzen egungo egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egitea, arazoak eta gatazkak identifikatuz, konponbideak proposatuz eta horiek ekonomikoki kuantifikatuz. Era berean, zuhaiztiak jasangarriak eta arrazionalak izatera eramango gaituen kudeaketa-eredu bat planteatzen da.

Altzako kiroldegiaren eguzki-instalazioa

Tokiko Gobernu Batzarrak 399,88 kWp-ko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko mistoa instalatu, legeztatu eta martxan jartzeko proiektua onartu du, 336.029 euroko aurrekontuarekin.

Suhiltzaileen jantziak

Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Su-itzalketa, Prebentzio eta Salbamendu Zerbitzuko langileentzako jantzi profesionalen hornidura kontratatzeko espedientea onartu du. Kontratuak 9 lote ditu, aurreikusitako urteko gehienezko aurrekontua 76.798 €-koa da eta gauzatzeko epea 2 urtekoa da, beste 2 urtez luza daitekeena.